F Ligako SD Eibar-ek iazko garaipen historikoa errepikatu nahi du Real Madrid-en aurka
Partidua domekan jokatuko da, 16:00etan, Alfredo Di Stefano futbol-zelaian
2025/11/18
12:43
Ekhi Belar
Aurreko denboraldian garaipen historikoa lortu zuen F Ligako SD Eibar-ek Real Madrid-en zelaian. 0-1 gailendu zitzaion talde txuriari Andrea Alvarezen golari esker eta, zergatik ez errepikatu? Pentsamendu horrekin egingo diote aurre Iñaki Goikoetxearen neskek domekan, azaroak 23, 16:00etan, Alfredo Di Stefano futbol-zelaian jokatuko den neurketari.
Eibarrek galdu egin ditu azkenengo bi partiduak eta 12. postuan dago 10 punturekin. Real Madrid-ek, bere aldetik, porrota jasan zuen Bartzelonaren aurkako klasikoan (4-0) eta 4. da sailkapenean 23 punturekin.
Domekako partidua prestatzeko, atzo entrenatu ondoren, Eibarrek gaur atsedena hartu du eta hurrengo egun guztietan, domekara arte, 11:45ean egingo dituzte lan-saioak, Areition.