F Ligako SD Eibar-ek lau entrenamenduko astea izango du Athletic hartzeko
Datorren domeka eguerdian, 12:00etan hasita, Ipuruan jokatuko den Athletic-en aurkako partidurako Yerai Martinen taldeak lau entrenamendu-saio egingo ditu. Gaur atsedena izan du taldeak eta, bihartik aurrera, barixakuan kenduta, egunero saio bat izango dute bigarren itzuli bikaina egiten diharduten neskek. Azken jardunaldian ere garaile izan zen SD Eibar, Huelvan bertako Sporting-i 0-1 irabazita, Laura Caminoren gol bati esker. Hala ere, Miralles eibartarren atezaina izan genuen beste behin protagonista, asteburu honetan ere, aurrekoan egin zuen bidetik, beste penalti bat geratu zuelako. Jaitsiera postuekiko aldea zazpi puntura igo dute Yerai Martinenenak.
Athletic-en aurkako derbi polit hori prestatzeko, eibartarrek bihar Anexoan izango dute lan-saioa, 11:00etan hasita. Etzi eta etzidamu, bestalde, Unbera joango dira, 11:45ean eta 10:45ean, hurrenez hurren, hasiko diren entrenamenduak egitera. Barixakuko jai-egunaren ondoren, zapatukoa partiduaren aurreko azkena izango da, hori ere Unben, goizeko 11:00etan hasita.