Familia Eskolaren 80 saio egingo dituzte Eibarko ikastetxeetan

Udal-programak familiei laguntzea du helburu, eta mugak, komunikazioa, ongizate emozionala eta pantailen erabilera landuko dituzte, besteak beste.
Familia Eskolaren 80 saio egingo dituzte Eibarko ikastetxeetan
Urkizu Herri Eskola
2026/10/14 13:25
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Eibarko Udalak Familia Eskola programa jarriko du martxan baita ikasturte honetan ere. Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) familiei zuzendutako prestakuntza- eta laguntza-programa da, eta aurrez aurreko 80 saio eskainiko dituzte herriko ikastetxeetan: 56 Lehen Hezkuntzako familientzat eta 24 DBHkoentzat.

Gizartekintza Sailak sustatutako ekimena Eusko Bitartekaritza Elkarteak (Bitar-Bask) eramango du aurrera, ikastetxeekin koordinatuta. Saioek ordu eta erdiko iraupena izango dute, eta ikastetxe bakoitzak gehienez zortzi saioko ibilbidea egin ahal izango du.

Edukiak hezkuntza-etapa bakoitzaren beharretara egokituko dituzte. Lehen Hezkuntzan, mugak eta arauak ezartzea, eguneroko ohiturak, autonomia, autoestimua, familia-komunikazioa eta gatazken konponbidea landuko dituzte. Horrez gain, berdinen arteko bizikidetza, zaintza-lanen erantzukidetasuna eta pantailen zein bideojokoen erabilerari buruzko familia-akordioak izango dituzte hizpide.

DBHn, berriz, nerabezaroaren berezko aldaketak eta seme-alabei entzunez eta elkarrizketaren bidez laguntzeko moduak jorratuko dituzte. Besteak beste, mugen eta ordutegien kudeaketa, autonomia, ongizate emozionala, sare sozialetako presioak eta ziberjazarpenaren prebentzioa landuko dituzte, baita errespetuan eta tratu onean oinarritutako harreman afektiboak ere. Online jokoarekin, substantziekin eta bestelako kontsumoekin lotutako arrisku-faktoreak ere aztertuko dituzte.

Udalak azaldu duenez, gaiak aukeratzeko, familien artean hautemandako beharrak eta hezkuntza-komunitatearen ekarpenak hartuko dituzte kontuan. Saioetan elkarrizketa eta hausnarketa partekatua uztartuko dituzte, eguneroko bizitzan erabil daitezkeen tresna praktikoak eskaintzeko.

Sofia Archeli Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak azaldu duenez, programak familiei ohiko zalantzak partekatzeko eta horiei aurre egiteko baliabideak eskuratzeko aukera emango die. «Batzuetan zalantzak sortzen dira: mugak nola jarri, nerabezarora iristean gure seme-alabekin nola hitz egin edo pantaila eta sare sozialen erabilera nola kudeatu. Familia Eskolak gune hurbila eta parte-hartzailea eskaintzen du kezka horiek partekatu, beste esperientzia batzuetatik ikasi eta egunerokotasunean aplika daitezkeen tresna zehatzak eskuratzeko», adierazi du.

Ikastetxeek emango diete familiei saioen egutegiaren eta izena emateko prozeduraren berri.