Fan zone bat jarriko dute Realaren Kopako finala zuzenean jarraitzeko

Mikel Oyarzabal eta Jon Gorrotxategi eibartarrek Kopa irabazi dezakete larunbatean Madrilgo Atleticoren aurka
Fan zone bat jarriko dute Realaren Kopako finala zuzenean jarraitzeko
Mikel Oyarzabal eta Jon Gorrotxategi | RUBEN PLAZA
2026/04/14 18:06
Ekhi Belar Errasti

Real Sociedad taldeak Kopako finala jokatuko du larunbatean, apirilak 18, 21:00etan, Madrilgo Atleticoren aurka, Sevillako La Cartuja futbol zelaian. Partidak ikusmira sortu du eta Gipuzkoako Foru Aldundiak eta probintziako 11 udalerrik partidua zuzenean ikusteko aukera eman nahi diete herritarrei, fan zoneak jarriz pantaila erraldoiekin. Zumarraga, Tolosa, Zarautz, Lasarte, Zumaia, Hondarribia, Legazpi, Azkoitia, Urretxu, Elgoibar eta Eibar dira herri horiek, eta datozen egunetan zehaztuko dute espazioen, ordutegien eta fan zonetan sartzeko baldintzei buruzko informazio zehatza.

Eibarko errealzale asko pantailara itsatsita egongo dira larunbatean, ez bakarrik bere taldeak titulu bat irabazi dezakeelako, baizik eta herrikideak Kopa altxatzen ikusi ditzakeelako.

Mikel Oyarzabal kapitainaren kasuan ez litzateke lehen aldia izango, 2021ean (2020ko Kopa izan arren, finala urtebete atzeratu baitzen pandemiaren ondorioz) Realak bere golari esker lortu zuelako Kopa Athletic Club-en aurka; Jon Gorrotxategirentzat, ostera, bai izango litzateke estreinekoa. Eibarko erdilariak denboraldi zoragarria egiten dihardu eta ginga jarriko lioke garaikurra altxatzen badu.