Fatxadak berriztatzeko eta igogailuak jartzeko dirulaguntzak eskatzeko epea zabaldu du Udalak
Aurten, 200.000 euro banatuko ditu Udalak fatxadak berrizteko edo igogailuak jartzeko asmoa duten komunitateen artean. Eraikinen eraginkortasun energetikoa hobetzeko xedea duten jarduerak saritzeko, deialdiak beste atal berri bat sartu du.
2014. urtean 24 komunitate izan ziren dirulaguntza plangintza hori eskuratu zutenak eta, guztira, 90.000 euro banatu zituen Udalak. 13 komunitatetik diru-laguntza hori igogailuak jartzeko, ordezteko edo 0 kotan ipintzeko erabili dute, baita plataformak jartzeko edo traba arkitektonikoak kentzeko ere; beste 8k beren etxebizitza-eraikinetako fatxadak berriztatu dituzte, eta gainerako 3 horiek diru-laguntza horiek eskatu dituzte igogailuetan nahiz fatxadetan lanak egiteko.
Isolamendu-obrei dagokien zenbatekoa emateko, obra egin ondoren, gutxienez C mailako energia-ziurtagiria lortu eta egiaztatu beharko da, eraikinen eraginkortasun energetikoari buruzko ziurtagirietarako oinarrizko prozedurak dioena betez. Zenbateko hori ez da emango energia-errehabilitaziorako obra horiek lehendik ere udal laguntzetako beste deialdiren bateko diru-laguntza jaso izan badute.
Igogailuen kasuan, eskaera egiten den urtean bertan edo aurreko urtean amaitutako obrak eta jarduerak dira diruz lagunduko direnak. Hona hemen diruz lagunduko diren egitekoak: bizitegi-eraikinen barruan edo eraikinetara iritsi ahal izateko kanpoko aldetik igogailuak ipintzea edo igogailu zaharrak kendu eta berriak ipintzea; modernizazioak; pegoraraino eta pegoraren eta igogailuaren artean egon daitekeen aldea edo desnibela gainditzeko, arrapalak, plataforma jasotzaileak, elementuak edo beste obraren bat egitea.
Igogailuak jartzeko diru-laguntzaren zenbatekoa obrari dagokion aurrekontu osoaren % 10ekoa izango da baina gehieneko diru-laguntza batzuk emango dira. Igogailu berria jartzeagatik, ematen den laguntza ez da 6.000 eurotik gorakoa izango; igogailu zaharra kendu eta zero kotatik jartzeko obra egiteagatik edo lehen igogailurik ez zuten beste solairu berri batzuetara heltzeagatik, zenbatekoa ez da izango 4.500 eurotik gorakoa. Igogailua ordeztu edo modernizatzeagatik, 3.000koa izango da emango den gehieneko laguntza, eta arrapalak, plataformak edo desnibelak gainditzeko beste obra batzuk egiteagatik, 1.500 eurokoa izango da gehieneko zenbatekoa.
Udalak auzo-igogailuak mantentzeko gastuetarako eskaintzen duen diru-laguntza programari dagokionez, urte honetako udal kontuetan 28.000 euroko aurrekontu-zuzkidura duen programa, hiru izan ziren joan zen urtean laguntza hauek jaso zituzten auzo elkarteak: “Amaina” elkartea -Wenceslao Orbea kaleko 1etik 21era bitartekoek eta Abontzabide 7koek eratua- "Asverne" -Mekola kalekoena- eta azkenik, “Asveba”, Barakaldo kalekoena.
Deialdi berriaren oinarriak kaleratu dira Buletin Ofizialean. Diru-laguntzak eskatzeko epea 2015eko urriaren 2ra arte egongo da zabalik igogailuen kasuan. Eskaerak Pegoran egin behar dira, oinarrietan zehazten diren dokumentuak ekarrita. Eskaera orria, aurkeztu behar diren dokumentuak... etab. kontsultatzeko: http://www.eibar.eus.
Fatxadei dagokienez, berriz, dirulaguntzak eskatzeko epea azaroaren 14ra arte egongo da zabalik.