“Faxismoa eta eskuin muturra: orain eta hemen” hitzaldia emango du bihar arratsaldean Jordina Arnau kazetariak

Eibarko Ernaik antolatu duen saioa 19:00etan hasiko da, Arrate Kultur Elkartean.
“Faxismoa eta eskuin muturra: orain eta hemen” hitzaldia emango du bihar arratsaldean Jordina Arnau kazetariak
2025/01/27 13:14
eta kitto!

Eibarko  Ernaiko gazteek Eibartik Independentziara egitaraua antolatu dute. Aisialdirako jarduerez gain, eskaintza politikoa egin nahi izan dute, eta horretarako hitzaldia antolatu dute martitzenerako. Jordina Arnauk Faxismoa eta eskuin muturra: orain eta hemen izenekoa emango du, 19:00etatik aurrera Arrate Kultur Elkartean. Komunikazioan aditua den Arnau, Alba Siderarekin batera Guia pràctica contra l’extrema dreta (“Eskuin muturraren kontrako gida praktikoa”) liburuaren egilea da. Antolatzaileen berbetan, “mundu mailan faxismoa eta eskuin muturra goranzko joeran dauden honetan, gure herritik fenomeno hau nola aztertu behar dugun eztabaidatuko dugu datorren asteartean. Jordina Arnau kazetari eta komunikatzailearen eskutik, honi kolektiboki aurre egiteko moduak ere aztertuko ditugu”.

Eta, horrekin batera, zapatuan (otsailak 1) Eibarko Independentzia Eguna ospatuko da, egun osorako egitarauarekin: 10:00etan frontenis txapelketa eta kamiseta tailerra egingo dira, Legarreko frontoian; ondoren herri-bazkaria hasiko da (14:30ean); eta, 20:00etan, musika-saioa hasiko da, DJ Zerna(h)iren eskutik, eta Aroztegiko auzipetuei elkartasuna azaltzeko talde-argazkia aterako dute Deporren. Antolatzaileek azaldu dutenez, frontenis txapelketarako zein herri-bazkarirako izen-ematea sare sozialen bitartez egingo da.