Feli Santillan eta Felix Kruzelaegi, Eibarko senar-emazte adintsuenen istorioa

Feli Santillan eta Felix Kruzelaegi, Eibarko senar-emazte adintsuenen istorioa
2018/02/16 09:02
eta kitto!
1956. urteko maiatzaren 9an ezkondu ziren Feli Santillan eta Felix Kruzelaegi. 61 urte ezkonduta eta 62. urteurrenaren bila. Gaur egun Eibarren inork ez dauka hainbeste urte senar-emazte moduan eta, horregatik, omenaldia jaso zuten San Balentin egunean Untzagako Jubiletxean. Errekatxutik Bista Ederrera, Eibarren bizi izan dute urte askotako maitasuna. Eta oraindik geratzen zaiena!

 

-Nola ezagutu zineten?

Felix: Hemen bertan ezagutu ginen, Untzagan egiten zen erromerian.

-Zein abestirekin izan zen gogoratzen duzue?

Feli: Ez, hori ez dut gogoratzen, baina badakit azken abestietan pasodobleak jotzen zituztela beti.

-Beraz, musikaren laguntza izan zenuten elkar ezagutzeko.

Feli: Sasoi hartan normala zen bikoteak horrela ezagutzea, elkarrekin dantza egitera irten eta hala. Nik 15 urte inguru nituen eta berak 20 inguru, kakaumeak ginen eta bikote moduan hasi ginen... eta horrela ezkondu arte!

-Guzti guztia ondo joan zen orduan?

Feli: Beno, gure haserreak eduki genituen, gora beherak... badakizu, gazteen kontuak, baina normala dela esango nuke.

Felix: Edozein bikotek dituen kontuak pasa genituen.

-Nolako ezkontza izan zenuten?

Felix: San Andres parrokian ezkondu ginen.

Feli: Ezkontza polita izan zen, normala sasoi hartarako.

-Zein da hainbeste urtetan ezkonduta jarraitzeko sekretua?

Feli: Ai, ba zeinek daki! Bikotea maitatzea ezinbestekoa da eta, bestetik, aurrean jartzen zaizkizun egoerei aurre egin behar diezu. Aguantatu, amore eman, moldatu eta beste pertsona ulertu behar duzu batzuetan.

-Zuk zer diozu, Felix?

Felix: Berak esan duenarekin bat nator (barreak).

-Maitasunak bizi-bizi jarraitzen du hainbeste urteren ostean?

Feli: Maitasuna ezinbestekoa da, baina aldatu egiten da maitatzeko modua. Ez da berdina, beste era bateko maitasuna sentitzen da urteak aurrera doazen heinean.

-Bide honetan, gainera, familia sortu duzue, ezta?

Feli: Hiru seme eta bost iloba ditugu. Semeak ezkondu eta orain bakarrik bizi gara, baina eguerdietan sarritan etortzen dira bazkaltzera. Ahal dugun artean, mahai handia ipini eta denok batzen gara.

-Horrela gustora orduan?

Feli: Nik beti esaten dut, hurrengo bizitzarik badago, dena berdin gertatzea gustatuko litzaidakeela, orokorrean behintzat.

-Zer sentitu duzue Eibarko senar-emazte adintsuenak izateagatik jasotako omenaldian?

Felix: Oso hunkigarria izan da, malkoak ere atera zaizkit.

Feli: Ez genuen espero, egun batetik besterako kontua izan da. Nahi eta nahi ez etortzeko eta etortzeko esan zidan atzo lagun batek, eta hara nolako sorpresa jaso dugun. Oso polita izan da, gehiegizkoa. Senar-emazte moduan 50 urte bete genituenean José Airasek abesti bat konposatu zuen gure omenez eta abestia jarri dute. Demasa izan da.