Felix El Gatoren umorea Karmen kalera iritsiko da gaur
Karmengo parkeak Felix El Gato (Felix Extremeño Prieto) umorista madrildarraren aktuazioa hartuko du gaur arratsaldean, 19:00etatik aurrera, Trio Medianocheren kontzertuaren ostean.
Felix El Gatok 90eko hamarkadan hasi zuen bere ibilbidea, umorista amateur gisa, Madrilgo Rincón del Arte Nuevon. Areto hartako harrobiko kide izan zen, eta garai hartan Faemino y Cansado, Pedro Reyes edo Mariano Mariano bezalako komiko ezagunak aritu ziren oholtza gainean. Oso ezaguna da telebista saio desberdinetan egindako lanengatik. Bere ibilbide artistikoa Tutti Fruti programan sendotu zen, Tele 5n, nahiz eta gero TVE, Antena 3, Telemadrid, TVG... bezalako kateetan zehar ibili zen. Gaur egun, umoristak mugitzen diren agertokietan mugitzen da.
Trio Medianocherena eta Felix El Gatorena ez dira gaurko ekitaldi bakarrak izango Karmen kaleko parkean: 21:45ean TUKAN orkestraren emanaldia izango da.
Jaiei amaiera emateko, bihar, zapatua, Karmengo elizan meza egingo da 12:00etan, eta bertan Eibarko Koro Gazteak abestuko du.