Fernando Alonso Barrutia: “Sasoi batean gizonak gogorrak izan behar ziren, barrenean beste modu batean sentitu arren”

Seme-alaba baten galeraren dolua azaltzen du ‘Aitatxo’ dokumentalak, aitaren begiradatik. Ama gutxietsi gabe, aiten sufrimendua eta dolu eskubidea plazaratzen ditu ikus-entzunezkoak, gizarteak duen genero begirada apurtuz. Urriaren 21ean emango dute 18:30ean, Coliseon, Depor Egunaren egitarauaren barruan.
Fernando Alonso Barrutia: “Sasoi batean gizonak gogorrak izan behar ziren, barrenean beste modu batean sentitu arren”
2026/10/16 13:46
Ekhi Belar Errasti

Lau aiten testigantza jasotzen du ‘Aitatxo’ lanak eta Fernando Alonso Barrutia eibartarrarena da horietako bat. Fernandok Larraitz alaba galdu zuen orain dela urte batzuk eta egoera horri nola aurre egin zion azaltzen du bertan.

 

Nola iritsi zitzaizun ‘Aitatxo’ dokumentalean parte hartzeko aukera?

Anakotz Lasarterena izan zen ideia. Mallabian bizi ginenean, bere baserria eta gure etxea bata bestearengandik ehun metro eskasera zeuden. Harreman estua genuen. Bera Berrizkoa da eta emaztea Mallabikoa. Sasoi txarra pasa zuten, bi seme galdu zituztelako, eta psikologoa izanda, aiten doluaren gaia landu behar zuela okurritu zitzaion. Izan ere, Mallabian bere emaztea zen ezagunena eta, izan zituzten galerekin, emaztea nola zegoen galdetzen zioten gehiago. Horrez gain, beste egoera batzuetan ere, ikusi zuen gizonak bigarren planoan geratzen direla arlo askotan. Beraz, egun batean etxera etorri zen, serio-serio (beti irribarretsu ibili ohi zenean), eta gurekin berba egin behar zuela esan zigun. Dokumentala egiteko asmoa zuela azaldu zigun eta beste bi familia ere parte hartzeko prest zeudela esan zigun. Gainera, gure alaba Berrizen bizi zen eta lehendik ezagutzen zuen, eta guk ikus-entzunezkoan parte hartzea nahi zuela esan zigun.

Nola hartu zenuen eskaintza?

Hasieran ezetz esan nion, baina aulkia hartu, jarri eta baietza lortu arte ez zen jaiki. Alabaren heriotzatik urteak pasa ziren eta dena berriz bizitzea oso gogorra egiten zitzaigun.

Orduan, zerk bultzatu zintuen parte hartzera?

Aipatu zigun aita asko aparte bezala sentitzen zirela, badirudiela emaztea babestu egin behar dela. Niri ere, kalera irten nintzenean, jendeak gelditu eta emaztea nola  zegoen galdetzen zidaten, bera zaindu behar nuela, eta abar. Momentu horretan ez diozu horri garrantzi larregirik ematen eta pentsatzen duzu zu zarela gizon “bigun” bakarra, baina Anakotzi entzunda ikusi nuen jende asko dagoela antzeko egoeran. Horrek konbentzitu ninduen parte hartzeko.

Nolako esperientzia izan zen kameraren aurrean zure historia kontatzea?

Oso prozesu gogorra izan zen guretzat. Anakotzek gidoi bat zuen, baina gero ekoiztetxe batekin eraman zuen proiektua aurrera eta nitxo bat ikusi zuten hor. Hasiera batean dokumentala askoz ere motzagoa izan behar zen, baina zerbait ikaragarria irten zen. Grabatzera etorri zirenean gauzak asko erraztu zizkiguten eta oso jende jatorra izan zen, eta eskerrak, baina kameren eta fokuen aurrean zure barrua ateratzea eta biluztea oso gogorra izan zen. Dena dela, azkenean pozik. Normalean Anakotz emanaldi guztietara joaten da eta gu ere askotara joan ginen hasieran, eta pila bat aita (eta ama) gerturatu zaizkigu euren kasuak kontatzera (seme-alabak galdu dituztenak, anaiak, edo gertuko beste batzuk) eta dokumentala egin izana eskertzera. Orduan, gogobetetasun hori geratzen zaizu.

Beraz, bazegoen gaia lantzeko behar bat?

Bai. Dokumentalaren lehen emanaldia Gasteizen izan zen eta, amaitu zenean, ezin ginen handik irten, jende pila bat hurbildu zitzaigulako. Poza eman zigun.

Esan duzu Anakotzi eta zuri ere emaztearengatik galdetzen zizuetela. Gizartean (eta gizonengan) gizonak indartsu agertzeko eta babesle izateko ideia dago txertatuta?

Zorionez, urte gutxitan gauzak asko aldatu dira, baina sasoi batean gizonak gogorra izan behar zuen, barrenean beste modu batean sentitu arren. Zure sentimenduak ezkutatu egin behar zenituen. Sasoi batean pentsatzen nuen aita berezia nintzela. Sentimenduak ezkutatu egiten nituen eta “biguntasun” hori barrenean eramaten nuen, erakutsi barik. Orain begiak zabaldu ditut, eta dokumentala ikusi duen jende askok ere antzekoa sentitu du. Gainera, alaba hil eta hiru hilabetera, mediku-errebisio normal batean, Larraitzek zuen bihotzeko gaitz bera detektatu zidaten. Genetikoa da eta amaren aldetik neba-arreba gehienak horrela hil dira, bat-batean. Ondorioz, hilabete batzuk geroago, baliaezintasuna eman zidaten eta etxean ordu pila bat bakarrik egoten nintzen. Pentsa buruari zenbat buelta eman nizkion.

Aipatu duzun “biguntasun” hori azaleratu ondoren, nola sentitu zinen?

Orain beste normaltasun batez hitz egiten dut jendearekin. Alaba hil zitzaigunean, nik neuk, eta beste askok, tipo gogorra nintzela uste nuen, baina etxeko bakardadean zenbat negar egin nuen ikustean... “Ni ez nintzen horrela, aldatu egin naiz”, pentsatzen nuen. Baina ez, alde hori ezkutatu egiten nuen, besterik ez. Beraz, begiak zabaltzeko balio izan dit.

Zer izan daiteke lagungarria euren sentimenduak gordetzen dituzten gizonek benetan sentitzen dutena azaleratzeko?

Dokumentalaren emanaldien osteko mahainguruetan pila bat gizon etorri zaizkigu identifikatuta sentitu direla esatera. Beraz, baten bati balio izan badio, primeran. Beste alde batetik, prozesu honetan guztian beste familiak ere ezagutu ditugu eta gure artean harreman estua sortu da. Badago kasu bat, tira... Gizon hori ikusten dudan bakoitzean zera pentsatzen dut: “Nolako kolpeak ematen dituen bizitzak”. Gure kasua guk sentitzen dugu, baina besteen esperientziak eta bizi izan dituzten egoerak entzuterakoan, dena azaleratzen duzu eta horrek bakea ematen dizu.

Zure esperientzia azaleratzeak, bizi izan duzuna beste modu batean begiratzen lagundu dizu?

Familian beti ibili izan gara elkarrekin. Alaba biak eta gu. Lagunekin ibili izan garenean ere, laurok joan izan gara. Eta eurak handitzean ere, euren lagunak gurekin ibili izan dira. Orduan, hori guztia berreskuratzea, ondo egon da. Anakotzek esaten duen bezala, ez dugu pentsatu behar, “ze pena, alaba edo semea galdu dugu”, baizik eta, “nolako zortea izan dugun alabarekin edo semearekin horrenbeste urte bizi izanagatik”. Bizitasun hori ez dugu galdu behar. Gauza alaiak ere gogoratzen saiatu behar zara, eta gure bigarren alabak, Idurrek, asko lagundu digu horretan.

Prozesu horretan zerbait ikasi duzula esango zenuke?

Bai. Elkartzen garenean, gauza batengatik edo besteagatik, Larraitz irteten da beti mahai gainera, eta Idurrek beti gogoratzen ditu anekdota barregarriak edo alaiak. Ezagutzen dut jendea, familiakoren bat galdu duena eta ez duena hortaz hitz egiten, tristura ematen diolako. Guk alderantziz egin dugu, beti hitz egin dugulako asko Larraitzen inguruan. Gainera, hil zenean, Larraitzek 14 hilabeteko alaba zuen eta, noski, alaba horri ezin genion tristura transmititu, baizik eta bere amak bizitzaz nola gozatu zuen, nolakoa zen... eta horrek Larraitz alaitasunez gogoratzera behartu gaitu. Jende guztiari hori esaten diot: momentu onak gogoratu eta asko hitz egin, asko laguntzen du-eta. Ni horrekin gelditzen naiz.

‘Aitatxo’ dokumentala ikusten duenak zerekin gelditzea gustatuko litzaizuke?

Gure aurretik daudenak (aitxitxa eta amama, gurasoak...) galtzeko prestatuta gaude, baina ondorengoak galtzeko ez. Beraz, saia daitezela alaitasunez aurre egiten eta pentsa dezatela bizitzak aurrera egiten jarraitzen duela, inguruan beste batzuk ditugula eta ezin garela giltzaperatu. Hitz egin eta bizitzako etapa ezberdinetan bizitzaz gozatu. Momentu alaiez disfrutatu, ez egon beti pena horrekin. Memoriari eutsiko diogu, baina beste modu batean.