Iaz bezalaxe, Euskal Kostaldeko Geoparkeak Flyscha belaontzian bisita gidatuak egingo ditu aurten ere. "Ekoturismo proposamen honek flyscha modu jasangarri, erlaxatu eta esklusiboan ezagutzeko aukera paregabea" eskaintzen duela nabarmendu dute Geoparkeko kideek.
Belaontzian egingo den bi orduko itsas-zeharkaldiak Zumaiako kirol-portuan du abiapuntua eta helmuga. Itsasertzarekiko paraleloan nabigatzen du ontziak, eta munduko gune geologiko nagusienetako bat den labar multzoa itsasotik ikusteko aukera eskaintzen du.
Irteerak astean behin egingo dituzte, eguerdietan; azaldu dutenez, gehienez ere bost lagunek parte hartuko dute bisita bakoitzean.
Geoparkeak eskaintzen dituen bisita gidatuen programa osoa (oinez zein itsasontziz, kostaldean eta barnealdean) geoparkea.eus webgunean ikus daiteke. Erreserbak bertan egin daitezke.