Futbol 7 PC-ren Liga Nazionaleko jardunaldia jokatuko da asteburuan Ipuruan
Asteburu honetan garun-paralisia duten jokalariez osatutako SD Eibar Fundazioko taldeak Liga Nazionaleko bi partida jokatuko ditu Ipuruako Anexoan. Lehenengo partida larunbatean jokatuko da, 16:30ean, Hercules taldearen aurka. Hurrengo egunean, igandean, goizeko 09:00etan, Disport taldearen kontra neurtuko dituzte indarrak eibartarrek.
Klubak zaleei eta herritarrei partidak bertatik bertara ikustera eta taldea animatzera etortzeko gonbidapena luzatu die. Fundaziotik azaldu dutenez, taldeko jokalariek beti eskertzen dute zaleen babesa, eta horregatik dei egin diete herritarrei zelaira hurbildu eta giroa sortzera. “Animatzeko ahotsik falta ez zaigula badakigu, baina beti ongi etorriak dira indar eta irribarre gehiago”, adierazi dute.
Bestalde, jardunaldi hauetan boluntario gisa lagundu nahi dutenentzako ateak ere zabalik daudela jakinarazi dute. Antolakuntzan laguntzeko prest dagoen edonork aukera izango du parte hartzeko, eta interesa dutenek aurrez jakinarazi beharko dute, ordutegiak eta egin beharreko lanak zehazteko.