“Futbolaren berrikuntza: Etorkizunera begira” izenburuko topaketa antolatu dute abenduaren 4rako

“Futbolaren berrikuntza: Etorkizunera begira” izenburuko topaketa antolatu dute abenduaren 4rako
2023/11/22 15:56
eta kitto!
Eibarko Udalak eta BIC Gipuzkoak, Eibar Kirol Elkartearekin eta Sportek HUBekin elkarlanean, futbolaren ekosistemari zuzendutako topaketa antolatu dute abenduaren 4rako. “Futbolaren berrikuntza: Etorkizunera begira” izenburuko ekitaldian LaLigak, futbol-klubek eta sektoreko entitate eta enpresa berritzaileek hartuko dute parte, gaur goizean egin duten aurkezpenean aurreratu dutenez. Jon Iraola alkateak, Marisa Arriola BIC Gipuzkoako zuzendariak, Ainhoa Otaegi Eibar Kirol Elkarteko gerenteak eta Vanesa Hortas Garapen Ekonomikoaren zinegotziak jardunaldiaren garrantzia nabarmendu dute: “Enpresek, startupek, ekintzaileek, I+G+Bko eragileek, kirol-entitate eta eragileek eta inbertsioetatakoek, guztiek ere sektorean gertatzen ari diren aldaketei buruz eta teknologia berriek futbolaren industrian duten zereginari buruz eztabaidatzeko aukera izango dute”.

Jardunaldia Eibar Kirol Elkartearen instalazioetan, Ipuruan izango da, 09:30etik 14:30era. Irekiera-ekitaldia Jon Iraola alkateak, Marisa Arriola BIC Gipuzkoako zuzendari kudeatzaileak eta Ainhoa Otaegi Eibar K.E.-ko elkarteko gerenteak egingo dute. Ondoren, goizeko lehen partean, honako ponentziak izango dira: “Berrikuntza eta teknologia LaLigan” eta “Osasuna & One Fan: digitalizazioa eta Fan Experience” Minerva Santana LaLigako Garapeneko zuzendariaren eskutik, eta Santiago Zuza, CA Osasuna Komunikazioko zuzendariaren eta João Pedro Castilhos, One Faneko Nazioarteko Negozioko zuzendariaren eskutik.

Kafearen ostean, bi aurkezpen egingo dira arrakasta izan duten kasuen adibideak azaltzeko. Lehenak, osasunaren, errendimenduaren eta datuen kudeaketa adimendunaren arloetako berrikuntza-kasuetan ipiniko du arreta. Eta, bigarrenak, kategoria desberdinetako futbol-taldeei zuzendutako aplikazio teknologikoetan.

Aurkezpenen lehen txandan, klubetako berrikuntza estrategikoari buruz arituko dira SD Eibar, Real Sociedad SAD, RC Celta de Vigo eta Bartzelonako Clínic Ospitalea, FC Bartzelonarekin lankidetzan.

Eta bigarren aurkezpen-txanda startupek –Astarna Sports, Clupik eta Yndia– egingo dute, eta hainbat kategoriatako taldeetan inplementatutako produktuak eta zerbitzuak aurkeztuko dituzte, hala nola futbolariak ingurune birtualean prestatzea, kudeaketa-sistema aurreratuak edo kirol-errendimendua hobetzeko nutrizio-plan pertsonalizatuak. Gainera, aukera egongo da Eusko Jaurlaritzak adingabea babesteko erabiltzen dituen monitorizazio-sistema aurreratuetan egindako apustua ezagutzeko.

Informazio gehiago nahi izanez gero, edo izena emateko, www.sportekhub.eus helbidera jo daiteke.