Gabonetako Bigarren Eskuko Azoka egingo da abenduaren 16an
Objektuak saltzeko bi aukera egongo dira. Batetik, postu bat erreserbatu daiteke bakoitzak nahi dituen objektuak saltzeko. Eta bigarrenik, objektuak gordailu-zerbitzuan laga daitezke (10 gehienez), eta antolakuntza arduratuko da objektuak saltzeaz. Horretarako, objektuak zapatuan bertan eraman beharko dira, abenduaren 16an, 09:00etatik 10:00etara bitartean.
Hauek dira gordailuan laga daitezkeen objektuak: liburuak, musika eta zinemako objektuak (diskoak, CDak, DVDak…), kiroleko artikuluak, apaintzeko objektuak, Gabonetako apaingarriak eta tamaina txikiko etxeko tresnak. Kasu honetan, ez da onartuko arroparik, erabilitako osagarririk eta tamaina handiko objekturik, adibidez.
Edonola ere, bi aukeretako baten parte hartzeko, ezinbestekoa izango da aurretik erreserba egitea eta adin nagusikoa izatea. Zita 943670249 telefonora deituz edo honako estekan dagoen formularioa betez hartuko da: www.merkabi.eus/eibar. Izena emateko epea gaur irekiko da (azaroak 28), eta zabalik egongo da abenduaren 13ra arte (biak barne).
Bi tailer
Azokaz gain, haurrentzako bi tailer eskainiko dira Gabonetako apaingarriak sortzeko material birziklatuekin. Tailerretako bat 3 eta 6 urteko umeentzat da eta, kasu horretan, heldu batekin egon beharko dute umeek. Beste tailerra 7 urtetik gorako umeentzat izango da.
Tailerrak 11:30ean hasi eta 14:00etan amaituko dira. Plazak mugatuak direnez, bost txanda egongo dira aukeran, 11:30etik 13:30era arte eta txanda Errebalen bertan erreserbatuko da azoka-egunean bertan.