Gabonetako Bigarren Eskuko Azokan zerbait saldu nahi dutenek abenduaren 11ra arteko epea daukate izena emateko
Udalak antolatuta egingo den Gabonetako Bigarren Eskuko Azokan parte hartu nahi dutenentzat izen-ematea zabalik dago. Azoka Errebal Plazan izango da, abenduaren 14an, 10:00etatik 14:00etara eta izena emateko epea abenduaren 11ra arte egongo da zabalik. Erabilitako gauzak saltzeko bi aukera daude: postu bat (mahai bat) erreserbatu daiteke, bakoitzak nahi dituen gauzak bertan saltzeko edo, bestela, saldu nahi diren gauzak gordailu-zerbitzuan laga daitezke (hamar gauza gehien jota), eta antolaketa-taldea arduratuko da saltzeaz. Horretarako, saldu nahi diren objektuak azoka egunean bertara eraman beharko dira, 09:00etatik 10:00etara bitartean.
Haurrentzako tailerrak
Azokaz gain, haurrentzako bi tailer eskainiko dira, material birziklatuekin Gabonetako apaingarriak sortzeko. Tailerretako bat 3 eta 6 urte bitarteko umeentzat da, eta bestea 7 urtetik gorakoei begira antolatu da. Tailerrak 11:30ean hasi eta 14:00ak inguruan amaituko dira, eta 25 minutuko iraupena izango dute. Plazak mugatuak direnez, bost txanda egongo dira aukeran, 11:30etik 13:30era, eta txanda Errebalen bertan erreserbatuko da azoka-egunean.
Informazio gehiagorako www.merkabi.eus/eibar helbidean begiratu edo 943 670 29 telefonora deitu daiteke.