Gabonetako otarra aurkeztu du …eta kitto!-k

Gabonetako otarra aurkeztu du …eta kitto!-k
2015/10/14 00:00
eta kitto!

Gaur eguerdian El Corte Ingles-ean aurkeztu du …eta kitto! Euskara Elkarteak aurtengo Gabonetan zozketatuko duen otarra. Maider Aranberri euskera elkarteko idazkariak azaldu duenez, "horrelako otarra zozketatuko dugun hirugarren urtea izango da eta, aurreko bietan bezala, aurten ere El Corte Inglesak eskainitako produktuekin osatu dugu otarra. Horregatik …eta kitto!-ren izenean eskerrak eman nahi dizkiot El Corte Inglesari, berriro eskaini digun laguntasunarengatik".
Azaldu dutenari jarraituta, "oparituko dugun otarra ez da makala. 2.000 euroko balioa dauka eta era guztietako produktuak, denak kalitatezkoak dauzka: telebistaz gain, jateko eta edateko ugari, gazia eta gozoa: urdaiazpikoa, gazta, txorizoa, solomoa, arkumea, turroia, bonboiak, txokolatea, txanpaina, ardoa, likoreak…".
El Corte Ingleseko Joana Fernandezek, bestalde, pozik agertu da …eta kitto!-ri laguntzeko aukera izanagatik: "Ahal dugun neurrian beti ahalegintzen gara herrian egiten diren jardueretan parte hartzen eta laguntzen eta, horregatik, …eta kitto!-ri ere pozik laguntzen diogu".
Aurkezpenean esan dutenez, "etzi (barixakuan, hilak 16an) hasiko gara boletoak saltzen, aurreko urteetan bezala euro baten. Herriko 50 bat denda, taberna eta bestelakoetan erosteko moduan egongo dira eta, horrez gain, kalera ere irtengo gara saltzera, barixaku honetan hasita asteburuero egongo gara kalean".  Zozketarako txartelak abenduaren 15era arte egongo dira salgai eta zozketa abenduaren 16an egingo da Toribio Etxebarria kaleko El Corte Ingles parean. Otarra ere laster ipiniko dute ikusgai denda horretako erakusleihoan. Agurtu aurretik herritarren babesa eskertu nahi izan dute: "Azken urte bietan herritarren aldetik jaso dugun erantzuna oso ona izan da, eta aurten ere ez dugu gutxiago espero, laguntza eta babes horri esker eusten diegulako gure urte osoko programari, proiektuei, aldizkariari eta bestelako guztiei".