Usartza Txistulari Taldekoek kontzertu berezia eskainiko dute domeka eguerdian
Domekan, abenduaren 24an, emango du Gabonetako kontzertua Usartza Txistulari Taldeak, 12:00etan Untzagan. Emanaldia berezia izango da, eta txistulariekin batera beste hainbatek hartuko dute parte: metal boskoteak, saxofoi laukoteak, pianoak, perkusioak, eta Juan Bautista Gisasola Musika Eskolako Sostoa Abesbatzak, biolontxelo ikasleek eta txistu ikasleek. Kontzerturako prestatu duten egitaraua ere normalean baino luzeagoa da eta, joko dituzten kantu guztiak Gabonetakoak izan arren, estilo eta erritmo oso ezberdinak tartekatuko dituzte.
Hamasei kantu izango dira guztira: Christmas everywhere (F. Metis), Jingle bells (J.L. Pierpont), Umetxoaren ametsak (S. Secunda – Mold: G. Zabaleta), Hator, hator (herrikoia – Mold: F. Aurrekoetxea), Olentzero (herrikoia), Feliz Navidad (J. Feliciano), Rudolf, el reno de la nariz roja (amerikar bilduma), Olentzero rockero (Nahiz eta Naia – Mold: J. Saez), Gabon gauean, alaken (herrikoia – Mold: T. Agirregomezkorta), Last Christmas (G. Michael – Wham), Mozart’s Christmas (doinu bilduma), White Christmas (bossa nova, amerikar bilduma), American Christmas (amerikar bilduma), Din, dan, don (J.L. Pierpont – Mold: J.I. Ansorena) eta Martxa Radezsky (J. Strauss – Mold: R. Lekue). Enrique Montero izango da zuzendaria eta, aurreratu digunez, “eguraldiaren arabera, Untzaga plazan edo arkupeetan arituko gara, Urkizutik irtengo den Olentzeroren kalejira ailegatu arte. Posible bada, Olentzerorekin batera kanturen bat abestea gustatuko litzaiguke, oso polita litzateke eta. Gero, bera udaletxe barrura sartzerakoan, guk kontzertuarekin jarraituko dugu”.