Gabonetarako programazio zabala prestatu dute Zona 10 elkartekoek
San Agustin, Errebal, Ibarkurutze, Arragueta eta Estaziñoko 65 bat dendarik eta ostalarik osatzen duten Zona 10 elkarteak Gabonen inguruko programazio zabala prestatu, inguru horretan merkataritza-giroa suspertzeko asmoz. Barixaku honetan bertan (abenduaren 21ean) hasiko dira jarduera bereziak: 18.00etatik aurrera Olentzero Ibarkurutzeko iturri inguruan ibiliko da, egunotan umeek idatzi eta komertzioetan lagatako gutun guztien artean zozketa egin eta Orbea bizikleta bat eta beste 60 opari saritutakoei oparitzen.
Hurrengo asteko barixakuan, hilaren 28an, beste zozketa bat egingo dute Ibarkurutzeko iturrian, 19.00ak aldera: irabazleak 500 euroko balioa duen txekea jasoko du, esaten zaion egunean goizeko 10.00ak eta 13.00ak bitartean Zona 10-eko dendetan gastatzeko. Erosketak egiterakoan, gainera, aintzinako modura jantzitako morroi biren laguntza izango du, poltsak eta paketeak eramateko.
Eta egitarauko ekitaldi nagusia Errege Eguneko bezperarako, urtarrilaren 5erako prestatu dute. Egun horretan 10.00etatik 14.00etara Gabonetako Azoka egongo da martxan Estaziño kalean, alde batean hasi eta beste alderaino. Azokan honezkero parte hartzeko izena eman duten 60tik gora lagunek euren artisautza produktuak salgai ipiniko dituzte eta, horrez gain, Iturri tabernaren patioan erabilitako gauzen elkartrukerako gunea egongo da martxan. Han bertan elikagaien bankuari emateko jatekoak biltzeko gunea ere prestatuko dute. Horiei laguntzen haur zein umeendako tailerrak antolatu dituzte eta Musikum eta Itzamna akademietan umeendako doaneko ludoteka zerbitzua eskainiko dute. Gainera, Hiru Erregeak eta haien laguntzaileak umeen gutunak eskura jasotzen ibiliko dira, Citroen 2 CV kabriolet batean kalejiran. Bestalde, zozketa bitartez bost etxe aukeratuko dituzte, Erregeak bisitan joan eta umeei opariak eskura emateko.
Jarduera guztiak antolatzeko orduan Udalaren, Orbearen eta beste babesleen laguntzaz gain bizilagunena ere izan dutela azaldu dute dendariek eta, horren adibidea, 12.00etatik 13.00etara garatuko den jarduera da: tarte horretan balkoietan soka-instrumentuekin hainbat pieza eskaintzen jardungo dute umeek. Eta giroketarako ekitaldiekin amaitzeko, egun horretan kale horietako aintzinako argazkiak ikusgai ipiniko dituzte.