Gabontrailaren 10. edizioa jokatuko da abenduaren 24an
Urteroko bidetik, datorren martitzenean, hilak 24, Gabontrailaren 10. edizioa egingo dute, Kalamua Korrikalari Taldekoek antolatuta. Deporreko mendi batzordeko talde horren esku izaten dira urteko trail guztiak eta oraingoko hau ere Deporreko egoitzaren aurretik abiatuko da, 08:30ean. Ibilbidean 14’7 kilometroko distantzia osatuko dute eta igoera metatua 719 metrokoa izango da, ohiko bidetik: “Santa Kurutz, Kalamua, Parlamentuan brindisa eta jaitsi”. Hori bai, aldaketa txiki bat izango du martitzenekoak: Akondia baserritik Akondiako lepora lehengo bide zaharretik egingo dute, “orain dela gutxi garbitu eta berreskuratu delako”. Parte-hartzaileei edalontzi berrerabilgarria eramatea eskatzen diete antolatzaileek, “Parlamentuan kaba hartzeko”.