Gaikako bilketa %2,13 jaitsi da eta edukiontzi grisean utzitako hondakinak %0,67 hazi dira

Gaikako bilketa %2,13 jaitsi da eta edukiontzi grisean utzitako hondakinak %0,67 hazi dira
2023/12/18 eta kitto!
2023 urte osoan zehar, Debabarreneko Mankomunitatea kezkatuta agertu da eskualdeko gaikako bilketaren datuen jaitsierarekin, herritarrak sentsibilizatzeko eta hondakinak bereizteko erraztasunak emateko ahaleginak egin dituen arren, "hala nola kafe-kapsulen bilketan hobekuntzak sartzea, Eibarko Garbigunean film industrialaren bilketa abian jartzea, edukiontzi hori eta urdin berrien instalazioa, etab.", azaldu dute gaur eguerdian egindako prentsaurrekoan. Errealitate horren aurrean, Mankomunitateak iragarri zuen neurri sendoak hartuko zituela egoera hobetzeko, hala nola 2024an edukiontzi marroiak ixtea. Orain, Gaikako Bilketa Hobetzeko Plana jarri du abian,

2023, gaikako bilketari dagokionez hobetu daitekeen urtea
Mankomunitatearen kezka 2023ko balantzean islatzen da; izan ere, aurten gaikako bilketa %2,13 jaitsi da eta edukiontzi grisean utzitako hondakinak % 0,67 igo dira, herritarrek hondakinak gero eta gutxiago bereizteko duten joera argia agerian utziz. Iaz Debabarreneko gaikako bilketa tasa %54,28koa zen, eta 2023an %53,58koa da.

Beherakada batez ere hondakin organikoen zatikian nabaritu da, 4.712 tonatik 4.460 tonara igaro baita, hau da, %5,35eko jaitsiera izan du. Gainera, hondakin organiko gutxiago biltzeaz gain, hondakin horien kalitateak ere behera egin du edukiontzi marroira botatzen diren hondakin inpropioen ondorioz - urrian Mankomunitateak egindako analisi batean, astebetean 3.295 poltsa inpropio agertu ziren edukiontzi marroian, hau da, hondakin ez-organikoak zituzten poltsak. 2023an, pertsonako 65 kilo hondakin organiko biltzetik pertsonako 61 kilo biltzera igaro da.

Paperaren eta kartoiaren gaikako bilketak ere behera egin du 3.862 tonatik 3.778 tonara, hau da, %2,18ko jaitsiera. Aitzitik, ontzi arinen eta beiraren bilketa mantendu da.

 

Gaikako Bilketa Hobetzeko Plana, egoera iraultzeko neurrien artean
Gaikako bilketa hobetzeko beste neurri bat Gaikako Bilketa Hobetzeko Plan bat egitea da, eta Mankomunitatea dagoeneko hasi da egiten, Cimas enpresarekin lankidetzan.

Planaren helburua gaikako bilketaren ehunekoa igoarazten duten aldaketak ezartzea da, baita edukiontzietako inpropioen murrizketa ere, hondakinen prebentzioan eragiteaz gain.

 

Inkestak eta azterketak gaikako bilketa hobetzeko
Horretarako, Planaren baitan, lehenik, beste eremu geografiko batzuetako jardunbide egokien bilduma egingo da, hobekuntza-marjina handiena duten alderdiei erreparatuz. Inkestak egingo dira, halaber, jakiteko zergatik herritarren eta hondakinen sortzaile handien zati batek ez dituen behar bezala bereizten jatorrian. Azkenik, hobekuntza-proposamen bat egingo da egungo zerbitzuen hobekuntzari eta eskaini beharreko zerbitzu berriei dagokienez.