Gaitu ahots-grabaketa maratoia egingo da abenduaren 1ean eta 2an

Gaitu ahots-grabaketa maratoia egingo da abenduaren 1ean eta 2an
2023/11/23 13:02
eta kitto!
Adimen artifizialari euskara irakasteko Gaitu proiektua jarri dute martxan. Izan ere, makinek gure hizkuntza ulertu eta hitz egiteko, irakatsi egin behar zaie lehenago eta, horretarako, euskarazko milaka ordu eta milaka ahots biltzeko erronka jarri da martxan Euskal Herri osoan.

Eibarren, Euskararen Egunarekin lotuta, abenduaren 1ean (18:00-21:00, Errebal Plazan) eta 2an (11:00-14:00, Untzagako harmailetan) ahots-grabaketa maratoia antolatu du Eibarren Akebai plataformak, eta bi egun horietan 12.500 esaldi grabatzeko erronka jarri du.

Parte hartu nahi duen herritar oro bertaratu daiteke, eta bertan emango zaizkio argibideak. Ahots asko eta askotarikoak behar dira, eta baldintza bakarrak adin nagusikoa izatea eta euskarazko esaldiak normal samar irakurtzeko gai izatea izango dira.

Bertaratu ezin duenak, etxetik ere egin dezake ekarpena, egitekoa oso sinplea baita: ordenagailuan edo telefono mugikorrean agertuko diren esaldi laburrak irakurri eta grabatzea. Horretarako, webgune hau erabiliko da: https://gaitu.eus/. Jarraibideak, HEMEN.