Galdaramiño Igoeraren 14. edizioa jokatuko da domekan Unbetik

Lasterketak 18 kilometro eta 900 metroko desnibela izango ditu
Galdaramiño Igoeraren 14. edizioa jokatuko da domekan Unbetik
2024/05/30 12:53
eta kitto!

Goizeko 09:30ean abiatuko da Urkiko jaien inguruan urtero antolatzen duten mendiko proba hori. Lasterketak 18 kilometro izango ditu guztira eta parte-hartzaileek 900 metroko desnibela gainditu beharko dute. Guztira bost gain egingo dituzte ibilbidean: Galdaramiño (669 metro), Azurtza-gaina (654), Azkonabitza (726), Topinburu (590) eta Ilordo (541). Ibilbidean zehar bost anoa-postu egongo dira, parte-hartzaileek indarrak berreskuratzeko, eta antxintxikan zein oinez burutu daiteke proba, baita txakurren konpainian ere. Amaieran bakoitzari zenbait opari dituen poltsa emango zaio.

Urtero lez, Atzegi taldeak ere hartuko du parte bertan, Gipuzkoako hainbat herrietatik etortzen diren adimen desgaitasuna duten lagunekin. Izen-ematen Kirolprobak-en bitartez egin daiteke eta, bestela, egun berean Unben bertan.