Ganix Rodriguez 34. Euskal Herriko hiru-txirloko txapeldun
Aurreko zapatuan amaitu zen Euskal Herriko hiru-txirlo bola jokoaren 34. edizioa eta Asola Berriko ordezkariak nagusitasun osoz irabazi zuen txapela. Azken sailkapenean eibartarra gorenean geratu zen, 27 txirlorekin, Mateo Guenaga bigarrenari bost txirloren aldea aterata; seira geratu zen Oier Azumendi, Joseba Lazkano eta Asier Azkaratek osatutako hirukotea.
Emakumezkoetan, Aretxabaletako Isana Gorosabel izan zen onena; hori bai, berarekin berdindu zuten Asola Berriko Enara Montielek eta Elgoibarko Aitziber Olaizolak, hirurak 17 txirlorekin.
Beteranoetan Mateo Guenaga izan zen onena, jubeniletan Julen Uranga, infantiletan Axel Sixto, alebinetan Asola Berriko Ander Unamuno eta benjaminetan Luken Martino.
Eibarko bolatokiko Ganix Rodriguezek eta Alex Camposek osatutako bikotea gailendu zen, baita ere, binakako txapelketan eta, azkenik, taldekakoan Markinakoak izan ziren onenak, Aretxabaletako eta Asola Berrikoen aurretik.