Garaipen bolada amaitu da Hypermotion Ligako SD Eibar-entzat
Zazpi partida jarraian irabazi ondoren, Hypermotion Ligan jokatzen duen SD Eibar-ek 3-1 galdu zuen atzo, urriak 12, Real Oviedo-ren aurka, Carlos Tartiere zelaian. Eibartarrek ez zuten neurketa txarra jokatu eta gol gehiago sartzeko aukerak izan zituzten, baina oraingoan etxekoek asmatu zuten gehiago eta eibartarren bolada ona amaitutzat eman zuten.
Partida berehala jarri zen Oviedoren alde, 2. minutuan hain zuzen ere, Mikel Gotik area kanpotik sartutako golari esker. Golak etxekoen animoak berotu zituen eta, hasiera batean, Eibarrek ez zuen aurrera egiteko aukera larregirik izan. 30. minutuaz geroztik, ostera, Aaron Escandell etxekoen atezaina izan zen partidako jokalaririk garrantzitsuena. Izan ere, meritu handiko geldiketak egin zituen, kanpokoen aukerak zapuztuz.
Eibarrek hainbat aukera izan zituen gola sartzeko eta, partida berdinduko zuela zirudienean, Carlos Dominguezek Oviedoren bigarrena sartu zuen etxekoentzat, 44. minutuan.
Bigarren zatian, Eibarrek behera egin zuen pixka bat, baina 71. minutuan Ivan Gilek demaseko zartakoa eman zion baloiari gola sartzeko, bestela ez zegoelako modurik Escandellen aurrean. Horrek bai piztu zuen Jokin Aranbarriren taldea eta berdinketa lortzeko aukera argiak izan zituen, batez ere Jon Bautistaren abagune bat, baina ez zuten asmatu eta, 84. minutuan, Dominguezek bere bigarren gola sartu eta partida erabaki zuen: 3-1.
Oviedon galdu arren, Eibarrek lidergoan jarraitzen du Almeriarekin berdinduta, 21 punturekin. Hurrengo jardunaldian, eibartarrek Real Mallorca hartuko dute Ipuruan, larunbatean, urriak 17, 16:15ean. Gaur atsedena hartu du taldeak, baina bihartik aurrera egunero entrenatuko da Areitiko kirol-hirian (bihar 11:30ean, eta ostiralean 11:00etan, ateak zabalik).