Garaipen garrantzitsua lortu zuen Mek Eibar Eskubaloiak Castroren aurrean

24-22 irabazi zuten eibartarrek zapatuan
Garaipen garrantzitsua lortu zuen Mek Eibar Eskubaloiak Castroren aurrean
2024/02/20 10:28
eta kitto!

Zapatuan Ipurua kiroldegian jokatutako Zilarrezko Mailako partiduan Mek Eibar Eskubaloia taldeak hain beharrezkoa zuen garaipena lortu zuen Loizaga Const. Castro Urdiales taldearen aurka, 24-22ko emaitzarekin. Hasierako txistualditik erakutsi zuten Mek taldeko neskek euren erabakitasuna, markagailuan aurrea hartuz eta neurketan zehar euren nagusitasunari eutsiz.

Partidu hasiera ikusgarria izan zen etxeko taldearen aldetik, defentsan zein erasoan nabarmenduz. Eibartarrek lau goleko aldea lortu bazuten ere, lehen zatiko azken minutuetan egindako akats batzuek aurkariei hurbiltzeko aukera eman zieten, atsedenaldira 14-12ko abantaila estuagoarekin iritsiz. Bigarren zatian, Mek Eibar Eskubaloiak abantaila handitzea lortu zuen, 50. minutura 21-16ko markagailuarekin iritsiz. Hala ere, kontrako taldeak defentsako estrategia aldatu zuen, zelai osoan presio etengabea eginez eta eibartarren erasoko ekintzak zailduz. Oztopoak oztopo, eibartarrek aurretik zuten abantailari eustea lortu zuten.

Bestalde, Mek taldeak Lehen Nazionalean ez zuen zorte bera izan Anaitasunaren aurka, eta porrota jaso zuen 32-20ko emaitzarekin. Nahiz eta lehen zatian lehiakor izan eta atsedenaldira Anaitasunaren aldeko 13-11ko markagailuarekin iritsi, Eibarko taldeak zailtasunak izan zituen norgehiagokaren bigarren zatian. Gure herriko mutilek 22 baloi galdu eta 25 jaurtiketa huts egin zituzten partiduan zehar.