Garaipena dastatu ahal izan dute asteburuan jarduera izan duten Urbat-en taldeek

Jubenilek jardunaldi bikoitzak izan zuten eta partida bat irabazi eta bestea galdu dute
Garaipena dastatu ahal izan dute asteburuan jarduera izan duten Urbat-en taldeek
2026/05/25 12:54
Ekhi Belar Errasti

Urbat IKE-rentzat “asteburu positiboa” izan da, taldetik esan digutenez, “hainbat garaipen garrantzitsu lortu eta lehiakortasuna erakutsi” dutelako. Gauzak horrela, lehian egon diren talde guztiek lortu dute irabaztea, porroten bat ere egon den arren.

Jubenilen taldeak jardunaldi bikoitza izan zuen. Lehen partidan, eibartarrek erakustaldi bikaina eman zuten Urgara Txingudiren aurka, 0-10eko garaipen argia lortuta. “Defentsako sendotasuna izan zen gakoetako bat, baita erasoan erakutsitako eraginkortasuna ere”, azaldu digutenez. Bigarren neurketan, ordea, ezin izan zioten aurreko partidako intentsitateari eutsi, eta 11-4 galdu zuten Askartza talde sendoaren aurka.

Kadete mutilen taldeak, berriz, garaipen ikusgarria lortu zuen etxean Leioa WP-ren aurka (20-10). Urbateko jokalariek hasieratik kontrolatu zuten norgehiagoka, erritmo handia ezarriz eta talde-joko erakargarria eskainiz. Ate aurrean ere fin ibili ziren, gol sorta ederra pilatuta.

Master taldeak ere poz handia eman zuen, EW Zaragoza menderatuta (15-10). Eibartarrek partida oso osoa jokatu zuten, markagailua kontrolpean mantenduz eta joko dinamiko eta eraginkorra erakutsiz. Garaipen horri esker, taldeak sentsazio bikainarekin itxi zuen asteburua.