Garaipena lortzea ia derrigorrezkoa da SD Eibar-entzat
Hypermotion Ligako azken sei partiduetan hiru puntu besterik ez ditu eskuratu SD Eibar-ek eta sailkapenaren 18. postuan dago 13 punturekin, jaitsiera postuetan dagoen Real B-k baino bat gehiago. Gauzak horrela, Beñat San Josek gidatzen duen taldearentzat ia derrigorrezkoa da garaipenaren bidera itzultzea.
Eibarrek bihar, azaroak 8, izango du hiru puntuak lortzeko aukera. Lortuz gero, biharkoan arerio izango duen Albacete harrapatuko luke sailkapenean, 16 punturekin baitaude Gaztela Mantxakoak. Ipuruako neurketa 16:15ean hasiko da.
Beñat San Josek hainbat baja izango ditu hamaikakoa prestatzeko orduan. Izan ere, min hartuta ditu Sergio Alvarez (agian jokatzeko gai izango da), Sergio Cubero (lanera itzuli da baita ere), Peru Nolaskoain, Jon Guruzeta eta Adu Ares. Azken honen kasuan, 2025ean ez du gehiago jokatuko, ezker belaunean ebakuntza egin diotelako.
Mediku gaiak aipatuta, hainbat urtetan SD Eibarren lan egin duen Fran Garagarzak bihotzekoa izan zuen martitzenean, azaroaren 4an, baina medikuek esan dute ondo aurkitzen dela kasuaren larritasuna kontuan hartuta.
Gijonerako sarrerak
SD Eibar-ek Gijonen jokatuko du azaroaren 16an, 16:15ean, Sportingen aurka, eta sarrerak martitzenean jarriko dituzte salgai, 09:30ean, Orsaixan dendan. Talde asturiarrak 174 sarrera bidaliko ditu eta talde armaginaren dendan erosi ahal izango dira, ohiko ordutegian, martitzenean eta eguaztenean, 19:00ak arte.
Sarreren prezioa 20 eurokoa da, baina SD Eibar-ek eta Premier Bidaiak-ek beste aukera bat jarriko dute zaleen eskura: autobusa eta sarrera 50 euroren truke. Autobusa 07:30ean irtengo da Eibartik eta partidua amaitzerakoan itzuliko da. Hori bai, gutxienez 40 lagunek eman beharko dute izena.