Garbigunea zabaldu dute Azitaingo industrialdean
Debabarreneko Mankomunitateak, gaikako bilketarako azpiegiturak sendotzeko ahaleginari jarraituta, Garbigunea inauguratu du gaur eguerdian (eguaztena, hilak 26) Azitaingo industrialdean. Ekitaldian Arcadio Benitez Mankomunitateko presidenteak, Miguel de los Toyos alkateak eta Iñaki Errazkin Foru Aldundiko Ingurumen eta Lurralde Antolamendurako diputatuak hartu dute parte eta, besteak beste, "gure helburua ahalik eta zabor gutxien sortzea eta ahalik eta gehien birziklatzea baldin bada, Garbigune honek hori lortzeko bidean lagunduko digu". Bihartik (eguenetik) aurrera martxa betean, astelehenetik zapatura bitartean zabalduko dute: astelehenetik barixakura, 09.00etatik 13.00etara eta 16.00etatik 18.00etara zabalduko dituzte Garbiguneko ateak eta zapatuetan, berriz, goizez bakarrik, 09.00etatik 13.00etara.
Garbigunea zabaltzeko beharrek 852.000 euroko inbertsioa eskatu dute (345.000 euro lehen fasean, 2012an; eta 507.000 euro bigarren fasean, 2013an), 2.000 metro karratuko azalera dauka eta Mankomunitateak kudeatzen duen sarea osatzera dator, aurretik Elgoibarren, Ermua-Mallabian eta Deba-Mutrikun martxan daudenekin batera. Asmoa edozein herritarrek erabiltzea da eta, horrez gain, igeltseroek eta neumatiko-ekoizleak ere animatu nahi dituzte zerbitzua erabiltzera. Zerbitzua doan emango dute. Garbigunean, besteak beste, honako hondakin hauek jasoko dituzte: obra txikietako hondakinak, plastiko birziklagarriak, beira laua, kartoizko enbalajeak, tamaina handiko gauzak, inausketa eta lorezaintzako hondarrak, neumatikoak (hagunik gabe), plastiko birziklagarriak, aparatu elektriko eta elektronikoak eta abar luze bat. Etxeko hondakin berezietarako gune bat ere badago, telebistak, auto-bateriak, olioa, fluoreszenteak, tinta-tonerrak eta kartutxoak, pilak, pintura eta antzerakoak biltzeko.