Garikoitz Rodriguez bigarren izan zen San Pedroko hiru-txirlo tiraldian
Aurreko zapatuan Elgoibarko San Pedro bolatoian jokatutako Gipuzkoako hiru-txirlo bola txapelketako seigarren jardunaldian, Jon Aransolo elgetarra izan zen nagusi, zortzi txirlo botata, seirekin geratu ziren hirukote baten aurrean. Bigarren postuan sailkatu zen Asola Berriko Garikoitz Rodriguez, hirugarren San Migueleko Xabier Arrizabalaga izan zen eta laugarren geratu zen Elgetako klubarekin jokatzen duen Bittor Astigarraga.
Emaitza horrekin asko egin du aurrera San Pedroko irabazleak eta, orain, sailkapen nagusian asko gerturatu zaio Asola Berriko Bittor Ugartebururi, eibartarrengandik txirlo bakarrera geratu arte. Bikotekako sailkapenean, San Migueleko Xabier Loiola eta Angel Ibarluzea daude lehen postuan, eta txirlo bakarrera daude Bittor biak (Ugarteburu eta Astigarraga). Kluben arteko sailkapenari begira, azkenik, Elgoibarko San Miguelek jarraitzen du lidergoan, Asola Berrikoen aurretik.