Garraiobide jasangarrien aldeko ekimenak
Mugikortasunaren Aste Europarraren harira, Udaleko Ingurumen sailaren eskutik hainbat jarduera egingo dira Eibarren bigarren urtez eta horietan, besteak beste, Debegesak, Eibarko Txirrindulari Elkarteak eta auto-marka ezberdinetako kontzesionarioek hartuko dute parte. Jarduerak atzo (domekan, hilaren 22an) hasi ziren, Eibarko Txirrindulari Elkarteak antolatutako Bizikletaren Egunean egindakoekin. Besteak beste bizikleta-martxa bi egin ziren goizean eta, horrekin batera, Untzaga eta inguruan umeentzat ibilbide eta proba bereziak prestatu zituzten. Egitarauan aurrera eginez, datorren barixakuan (hilaren 27an) Udaleko Ingurumen batzordeko zinegotziek garraiobide azkarrena zein den ikusteko lasterketa egingo dute: zinegotzi guztiek Untzagan hasi eta amaituko den ibilbide berbera bete beharko dute, baina garraiobide ezberdinak erabilita (autobusa, autoa, oinez, bizikleta…). Asmoa, horien guztien artean hiri barruan ibiltzeko modurik egokiena zein den ikustea da.
Mugikortasun Plana
Gai honen harira, bestalde, Udalak Mugikortasunaren Plan Estrategikoa eta Integrala egiteko lizitazioa kaleratu duela jakinarazi dute, hirian arlo honetan gaur egun egon daitezkeen premiei erantzuteko asmoz. Azaldu dutenez, "plan horrek mugikortasunarekin lotutako hainbat helburu betetzen ditu: garraio kolektiboari etekin guztia ateratzeko eta zerbitzu hori hobetzeko neurriak proposatzea, garraio-mota horren inguruko eskaria areagotzea, sistema intermodala indartzea, hiria zeharkatuko duen bidegorria egitea…". Trafiko-antolamenduari begira, berriz, Planak aparkalekuak antolatzeko sistema osoa ezarriko du eta oinezkoen ibilbideak ere aztertuko ditu.