Gaur 19:30ean atzeratutako Erregionaleko Urki-Ilintxa jokatuko da Unben
Erregionaleko Gorengo Mailako bigarren multzoko liderrak bere sasoian atzeratu zuten Legazpiko Ilintxaren aurkako partidua jokatuko du gaur, 19:30ean hasita, Unben. Eibarko taldeak bost puntu ateratzen dizkio Amaikak bat bigarren sailkatuari eta zortzi Ordizia hirugarrenari. Modu horretan, Urkik alde hori handitu dezake eta Liga irabaztetik gertu gera daiteke, lehiaketa amaitzeko beste lau jardunaldi besterik ez direlako geratzen.
Orain arte Urkiko talde nagusiak 20 partidu irabazi ditu, bi berdindu eta hiru porrot jaso ditu bakarrik. Multzoko bigarren goleatzailea da, 57 golekin, eta gol gutxien jaso dituen taldea, 19rekin. Multzo berean jokatzen duen Eibartarrak taldea, bestalde, 11. postuan dago, 30 punturekin, eta domeka eguerdian bien arteko derbia jokatuko da Unben, 12:30ean hasita.