Gaur amaituko da Indalecio Ojanguren XXXVII. Argazki Lehiaketarako lanak aurkezteko epea
Gaur da Indalecio Ojanguren XXXVII. Argazki Lehiaketarako lanak aurkezteko azken eguna. Edozeinek hartu dezake parte Eibarko Udalak Klub Deportiboaren laguntzaz antolatutako lehiaketan, norberaren aukerako gaiarekin, eta parte-hartzaile bakoitzeko gehienez hiru argazki zuri-beltzean eta hiru koloretan onartuko dituzte. Izen-ematea doakoa da.
Lanak Eibarko Udalaren Kultura sailean (Portalea eraikina, 1. pisua) entregatu beharko dira, honako jarraibideak kontuan hartuta: argazkiak 40x50 zentimetroko kartulinarekin edo kartoiarekin indartuak aurkeztu beharko dira; eta argazkiak gehienez ere 30x40 zentimetrokoak izan beharko dira. Lan bakoitzaren atzealdean lanaren izena zein den azaldu beharko da. Egilearen datuak, berriz, kartazal itxi batean, bidalketaren kanpoaldean itsatsita aurkeztuko dira.
Euskal Herriko Argazkilari Taldeen Elkarteak hemengo argazkilariak saritzeko egiten den lehiaketa hau garrantzitsuenen artean dago, eta 06/2024 Argizaiola Lehiaketaren sailkapenerako baliagarria da.
Lehiaketaren xehetasun guztiak HEMEN.