Gaur arratsaldean zabaldu dute Eibar Rugbi Taldekoen Garagardo Ferixa, Errebalen
Gaur zabaldu eta domekara arte Errebalen martxan egongo den Ferixan garagardo aukera zabala eskainiko dute: “Aurreko urteetan bezala, nazioarteko garagardoak egongo dira, besteak beste Salvator, Affligem Double, Garizko Paulaner, Paulaner Originala eta Guinnes Ho House berritasun gisa. Hauetaz gain, IPA estiloko garagardoa topatuko duzue ere, Lagunitas IPA. Gainera, glutena toleratzen ez duenak ere tokia edukiko du Garagardo Ferixan”.
Garagardo ezberdinez gain, janaria ere badago aukeran: “Km 0 produktuetan oinarritu gara Ferixako menua osatzeko. Laban egindako txerri ukondoa egongo da, betiko lez eta, biribiltzeko, Eusko Label produktua, hanburgesa eta saltxitxa ogi artean, eta Luma Gorri oilasko pintxoak. Beganoek ere tripa betetzeko aukera edukiko dute, hanburgesa beganoa egongo baita. Sorpresa moduan, zapatuan taloak egongo dira eskuragarri. Betiko taloari buelta bat emanez, aukera ezberdinak egongo dira, eta hauetan ere aukera beganoa egongo da”. Garagardoa edan eta zerbait jateko aukera izateaz gain, zuzeneko musika ere egongo da.