Gaur banatu dira Ipurterre Ipuin Lehiaketako sariak
Gaur goizean banatu dituzte aurtengo Ipurterre Ipuin Lehiaketako sariak Coliseo antzokian. Eskolekin elkarlanean ...eta kitto! Euskara Elkarteak antolatzen duen lehiaketak XXXI. edizioa bete du aurten. Eibarko LH eta DBHko ikasleek 1.000 lan inguru aurkeztu dituzte eta hauek izan dira irabazleak: Gazteenetatik hasita, LH1-2 mailako irabazlea Lucia Zubillaga izan da, J.A. Mogel ikastolakoa, LH 3-4 mailako irabazlea ere, Aiora Larrañaga, eskola berekoa da eta LH 5-6 mailan Aldatzeko Jon Mendozak bereganatu du saria. Bigarren Hezkuntzako sariei dagokienez, DBH 1-2 mailan Eibar BHI ikastetxeko June Alzaga izan da garailea, eta DBH 3-4 mailan La Salle Azitaingo Alaitz Herrerak irabazi du saria bigarrenez.
Gaurko ekitaldia girotzeko Imanol Ituño magoa etorri da Eibarrera, eta aho bete hortz utzi du bat baino gehiago bere trikimailuekin.
"Ikasle zein irakasleek lan bikaina egin duzue aurten ere eta, beraz, irabazleei zoriontzeaz gainera, gure eskerrik beroena helarazi nahi dizuegu parte hartu duzuen guztioi. Jarraitu idazten eta irakurtzen, Eibarren harrobi ederra dugu-eta!", esan dute antolaketa lanetan ibili diren ...eta kitto!-ko kideek.