Gaur estreinatuko du “Bekaduna” umorezko webseriea UEU-k
2022/05/03
11:09
eta kitto!
Udako Euskal Unibertsitatearen 50. urteurrena ospatzeko asmoz, “Bekaduna” umorezko webseriea estreinatuko dute gaur bertan. Proiektu hau UEUk, BIRA produkzioak eta Hiru Damatxok egin dute elkarlanean eta Mikel Irazustak eta UEUko lantaldeak egin dituzte aktore lanak. Webseriea lau kapituluk osatzen dute eta asmoa bi astetik behin UEUren YouTube kanalean kapitulu berri bat argitaratzea da. Ikus-entzunezko honen helburua urteurrena modu jostagarrian ospatu, oraindik UEU ezagutzen ez duten publikora iritsi eta UEUko lantaldea eta bazkideak omentzea da. Idoia Torregarai UEUko komunikazio-arduradun eta proiektuaren koordinatzaileak egitasmo honek bere inguruan sortu duen ilusioa azpimarratu du: “UEUren 50. urteurrena modu desberdin batean ospatu nahi genuen. Askotan gisa honetako urteurrenak oso seriotik joaten dira, eta nahiz eta horrelakoak ere beharrezkoak diren, UEUren izaera alaia eta parte-hartzailea islatuko zuen zerbait egin nahi genuen, zerbait ganberroagoa. BIRA eta Hiru Damatxokoek The Office telesailean oinarritutako gidoia aurkeztu zigutenean, segituan gustatu zitzaigun eta lantaldeko kideak aktore bihurtzea ederra litzatekeela pentsatu genuen. Pentsa, 21eko taldetik 16k parte hartu dugu bertan, gehi zuzendaritzako kide batek; eta inolako xantaiarik erabili behar izan gabe! Horrek zerbait esaten du UEUtaz. Grabazio egunetan oso urduri geunden, baina esperientzia zoragarria izan da. Eskerrak eman nahi dizkiegu BIRA produkzioak eta Hiru Damatxoko lagunei, profesionaltasun eta goxotasun guztiarekin aritu baitira. Bekaduna UEUren komunitate osoari egin nahi diogun opari bat da; guri bezainbat gustatzea espero dugu".