Gaur eta bihar artean jokatuko da Eibar Hiria squash torneoaren 20. edizioa
Eibarko Klub deportiboak antolatzen duen torneoak bi hamarkada bete ditu dagoeneko, eta gaur arratsaldean abiatuko da kanporaketa faseko lehenengo partiduekin. Euskal Ligarako baliogarria den torneoa absolutu misto, emakumezko eta junior mailatan jokatuko da. Hori dela-eta, Euskadiko sailkapeneko hamabi onenak izango dira parte hartzen; beraz, ikusiko dugun maila ziurtatuta dago.
Gaurko egitaraua arratsaldeko 17:00etan hasiko da Ipurua kiroldegiko squash pistan eta, aurretiko kanporaketen ondoren, final-hamaseigarren eta final-zortzirenak jokatuko dira. Hortik ondorioztatuko diren emaitzekin, bihar goiz eta arratsalde, azken jardunaldia izango da lehian. 09:00etatik aurrera emakumezkoen eta junior mailakoen partiduak izango dira, eta 16:00etatik aurrera final nagusiak eta sari-banaketa.