Gaur hasi da gripearen kontrako txertoaren kanpaina
Gaur (astelehena, hilak 23) hasi da Osakidetzak urtero abiatzen duen gripearen kontrako txertoaren kanpaina. Azaroaren 8ra arte iraungo duen kanpainaren helburu nagusia arrisku-taldeetan dauden herritarrak txertoa ipintzera animatzea da. Arrisku-taldeak 65 urtetik gorakoek, diabetesa edo gaixotasun kronikoren bat dutenek eta osasun-arloko profesionalek osatzen dituzte. Talde horietan daudenentzat txertoa ipintzeak duen garrantzia azpimarratu dute kanpainaren aurkezpenean: "Gripea gaixotasun infekziosoa eta oso kutsakorra da, eta edonorri eragin diezaioke. Oro har, onbera da, baina birika, bihotz edo gibeletako gaixotasun kronikoak edota diabetesa dutenen kasuan, konplikazio larriak sorraraz ditzake. Gainera, garrantzitsua da 65 edo gehiagoko pertsonek txertoa jasotzea, nahiz eta gaixotasunik ez izan. Urtero jarri behar da txertoa, birusa aldatu egiten baita. Horregatik txertoaren konposizioa urtetik urtera aldatzen joaten da".
Txertoa gaur egun dagoen prebentzio-neurri seguru eta eraginkor bakarra da eta ipintzea oso erraza da: nork bere osasun-zentrora deitu behar du, edo hara joan, eta bertan azalduko diote noiz eta nola ipini behar duen. 65 urtetik gorakoek osasun-txartela edo NANa besterik ez dute aurkeztu behar. Eta beste arrisku-taldeetan daudenek euren sendagilearengana jo beharko dute, dagokien bolantea jasotzeko. Osasun-profesionalei eta gizarte-langileei txertoa jartzea bereziki gomendatzen die Osakidetzak, arrisku-taldeekin etengabe harremanetan dagoen talde estrategikoa delako. Abiatu berri den kanpainarako 380.000 txerto dauzka Osakidetzak, baina beharrezkoa izanez gero, kopurua handituko litzatekeela aurreratu dute.