Gaur itxiko ditu bere ateak Unzaga Plaza hotelak behin betiko

Lotarako eskaintza desagertzeaz gain, 28 lanpostu desagertuko dira ateak ixtearekin batera.
Gaur itxiko ditu bere ateak Unzaga Plaza hotelak behin betiko
2025/10/31 18:18
Silbia Hernandez Arrazola

Gaur, urriak 31 itxiko ditu ateak behin betiko Unzaga Plaza hotelak. Eibarren eta inguruko herrietan dagoen hotel handiena ixteko arrazoia, higiezinaren jabeak eta hotela kudeatzen zuen enpresak 2020ko azaroan sinatutako alokairu-kontratua ez berritzeko erabakia izan da. Eraikinaren jabetza Madrilen dago, sei anai-arrebek osatzen dute eta, esan dutenez, higiezina erosteko interesa duten bi erosle posiblerekin negoziatzen ari dira jabeak. Hala ere, hotelaren kudeaketa bi eibartarren esku egon da azken urteetan, Unai Otxandiano eta Leire Uribetxeberria senar-emazteek zuzendu dute eta. Unzaga Plaza ixteak 28 lanpostu galtzea dakar. Eta, horrekin batera, hotela ixteak 88 logela desagertzea ekarriko du berarekin eta, beraz, eskualdean dagoen lotarako eskaintza nabarmen murriztuko da.
Gaur ateak itxiko dituen hotelak ateak zabaldu zituela 54 urte bete ziren aurtengo urtarrilean, baina bere historia luzeagoa eta harrigarria da. Izan ere, jasotzen amaitu berri zegoela, 1968ko urriaren 12an bat-batean eraitsi zen bederatzi pisuko eraikina. Zorionez, ez zen inor zauritu, oraindik ez zegoelako zabalik. Bi urte eta hiru hilabetera inauguratu zuten Arrate hotela, 1971ko urtarrilean. Lana gogotik egin zuten, eraisketaren ondoren hondakin-pilaketa handia zegoelako; alboko etxeetako 3. pisuaren pareko altuerara ailegatzen ziren hondakinak.