Gaur itxiko dute Sorturen ekitaldira joateko antolatu den autobuserako izen-ematea

'Askatzera lotuak' nazio mailako ekitaldia irailaren 27an egingo da, Iruñeko Anaitasunan. Izena emateko zerrenda Guridi tabernan jarri dute.
Gaur itxiko dute Sorturen ekitaldira joateko antolatu den autobuserako izen-ematea
2025/09/24 11:14
eta kitto!

Sortuk  nazio ekitaldia egingo du irailaren 27an Iruñeko Anaitasuna pabilioian, “frankistek Txiki eta Otaegi fusilatu zituztela mende erdia beteko den egun berean”. Nazio ekitaldia 17:30ean hasiko da, eta Eibartik elkarrekin joan nahi dutenentzat autobusa antolatu dute. Ego Gainetik abiatuko da, 14:30ean, eta joan nahi duenak gaurko eman beharko du izena, Guridi tabernan dagoen zerrendan. Azaldu dutenez, “ekitaldira sartzeko ez da sarrerarik eta gonbidapenik behar, eta ez dago izena eman beharrik ere”. 
Sortutik adierazi dutenez, “fusilamendu haiek, diktadura frankistaren aurka borroka egin zuten bi gazte abertzale akabatzeaz gain, Euskal Herriaren askatasun egarria itotzea ere bazuten helburu; ordea, ez zuten lortu. Eta xede bera zuen, handik bi hilabete eskasera, Franco hil eta Juan Carlos I Borboikoa Espainiako estatuburu izendatzeak ere: guztia lotuta, eta ondo lotuta uztea. 1975eko gertakari haien memoriak eta orbainek oraindik bizi-bizirik diraute Euskal Herrian. Gure herriaren nazio izaera eta autodeterminazio eskubidea ukatuak dira. Haatik, herri hau altxarazi eta itxaropena ekarri zuen belaunaldi haren askatasun egarria ere bizi-bizirik da. Beraz, 1975eko urte seinalatu hartatik 50 urte igarota, Euskal Herriak badu zer gogoratua; euskal herritarrok badugu zer oroitua; badugu zer ospatua eta zer aldarrikatua. Ospakizun eta aldarri horiekin elkartuko gara ezker abertzaleko hainbat belaunalditako kide andana Sortuk irailaren 27an Iruñeko Anaitasunan 17:30ean egingo duen nazio ekitaldian, eta bertan izango gara eibartarrak ere”.