Gaur zabaldu dute errotuluak euskaraz jartzeko dirulaguntzak eskatzeko epea

Gaur zabaldu dute errotuluak euskaraz jartzeko dirulaguntzak eskatzeko epea
2022/06/13 15:12
eta kitto!
Udaleko Euskara Sailetik jakinarazi dutenez, lokal komertzial, industrial eta elkarteetako egoitzetako errotuluak euskaraz jartzeko dirulaguntza eskaera egiteko epea gaur zabaldu eta azaroaren 12an amaituko da.

Dirulaguntzak herriko lokal komertzialetako, industrialetako edo elkarteen egoitzetako irudi korporatiboa osatzen duten errotulu, inskripzio eta elementuak euskaraz edo ele bietan (euskara-gaztelania) jartzeko izango dira eta diruz lagunduko den gastua, berriz, 2021eko azaroaren 13tik 2022ko azaroaren 11ra bitartean egindakoa izan behar da.

Dirulaguntzak hiru kontzeptu ezberdinetarako eska daitezke:

  • Errotulu nagusia euskaraz edo ele bietan jartzeko.

  • Lokalaren kanpoko eta barruko inskripzio finkoak euskaraz edo ele bietan jartzeko.

  • Irudi korporatiboko elementuak euskaraz edo ele bietan jartzeko.


Eskaerak elektronikoki egin daitezke, www.eibar.eus udal webgunearen bitartez. Informazio gehiago nahi izanez gero, HEMEN begiratu.