Gaurtik hasitta, asteburu osuan ospatuko dira Sankristobalgo jaixak

Gaurtik hasitta, asteburu osuan ospatuko dira Sankristobalgo jaixak
2015/07/10 00:00
eta kitto!

Aurreko asteburua Amañako jaixak bete eben moduan, gaur hasten dan asteburua San Kristobalguak beteko dabe. Arratsaldeko 19.00etan botako dabe jaixen hasierako txupinazua eta, jarraixan, urteroko moduan, omenaldixa egingo detse jai batzordekuak aukeratutako auzokidiari. Aurtengo omendua iazko abuztuan ELA gaitzak eraginda hil zan Manu Fernandez izango da eta, omenaldixa ez eze, ELA gaitzari aurre egitten laguntzeko dirua batzeko asmuarekin, azken orduan horren aldeko karreria antolatzia lortu dabe. Horrekin batera, auzoko tabernetan eta Gozokin itsulapikuak ipiñi dittue, dirua batzeko. Gaurko arratsaldia betetzeko, bestiak beste, orkestrak girotutako kalejiria eta umiendako jolasak preparau dittue. Horrekin batera, auzoko tabernetan eta Jai Batzordiaren txosnetan tortilla, txorizua, urdaiazpikua eta gaztaia banatuko dittue. Eta gabian, 23.00etatik aurrera kontzertu bikoitza hartuko dau auzoko plazoletiak: lehelengo Gansos Rosas taldekuak jardungo dabe, Guns&Roses talde ezagunaren kantuak zuzenian eskintzen eta, jarraixan, 01.00ak aldera Metalmania taldekuak Metallicaren kantuak joko dittue. Aurreko urtietan egindakuari jarraittuta, gaurko kontzertua Lambretta Klubekuekin alkarlanian antolatu dabe.
Musikia protagonista
Edozelan be, eta aurreko asteko barixakuan Otarra soziedadian jaixak presentatzian antolatzailliak esan ebenez, "aurtengo programia osatzerakuan musikiak sekula baiño toki gehixago betetzia lortu dogu, estilo diferentietako emanaldixak eukiko doguz asteburu guztian, bakotxak nahixago dabena aukeratu deixan".
Urtero Aizarnako parkian egitten daben sandia-jana, adibidez, oinguan zuzeneko musikarekin lagundutakua izango da, bixar eguardixan Nuria&Sofia gazte eibartarrak kontzertua emango dabe eta. Arratsaldian, barriz, 19.00etatik aurrera Dominguez mariatxikuak kalejiran ibilliko dira auzuan. Eta gabian, honezkero ohitturia bihurtu dabenari jarraittuta, aspaldi musika munduan gorenian ibillittako artistia gonbidatu dabe San Kristobalgo eszenarixo gaiñera igo eta kantatzeko: aurtengo "izarra" urtietan Los Bravos taldeko ahotsa izan zan Mike Kennedy da eta ordubete inguru iraungo daben bere emanaldixa gaberdixan hasiko da, Drindots talde eibartarrak emongo daben kontzertuaren etenaldixan.
Bixarko programia goizetik hasiko da, 09.00etan plazoletan egingo daben mountain-bike topaketarekin. Hortik aurrera egun osuan egongo da zer egin: umiendako marrazki lehiaketia, Moltó motorren konzentraziño eta lasterketia, toka eta dardo txapelketak, herri-afarixa… Eta, jakiña, urteroko moduan San Kristobalgo jaixak eta Lambretta motorren urteroko topaketiak kalendarixuan bat egingo dabenez, ekitaldixetako batzuk alkarrekin egingo dittue: hórretako bat zapatu eguardiko Lambretta Motorren XII. Igoeria izango da.
Tirolina bueltan
Eta programiak gitxigora behera urterokuari jarraitzen badetsa be, badago barritasunen bat edo beste: batez be ume eta gaztien artian arrakasta haundixa dakan tirolinarik ez da egon azken urtiotan, auzuan egindako biharrak horretarako aukerarik ez ebelako emoten, baiña antolatzailliak aurreratu ebenez, "aurten atzera be tirolinia ipiñiko dogu eta, beraz, nahi dabenak bertan zintzilikauta ondo baiño hobeto pasatzeko aukeria eukiko dau". Fray Martin Malleako parkian egongo da tirolina, saltuan ibiltzeko ohe elastikuekin batera, domeka goizeko 11.00etatik aurrera.
Jaixetako azken egunian egingo diranen artian, bestalde, mezia, paella txapelketia, Gorixoren zezentxo eta ponyak, DJ Arabak girotutako jaixa eta jaixetan saltzen ibilliko diran errifaren zozketia dagoz. Programa osua jarraixan:

Sankristobalgo Jaiak


Barixakua 10
19.00.- Jaien hasierako txupinazoa.
19.10.- Auzokide ezagunari omenaldia: Manu Fernandez. Kalejira, orkrestarekin.
19.30.- Haurrentzako jolasak (Fray Martin Malleako parkean). Dardo txapelketa (16 urtetik beherakoentzat). Tortila, txorizoa, urdaiazpikoa eta gazta, auzoko tabernetan eta Jai Batzordearen txosnetan.
23.00.- Kontzertua: Gansos Rosas (Guns&Roses taldearen abestiak).
01.00.- Metalmania (Metallica taldearen abestiak). San Kristobalen.

Zapatua 11
09.00 / 11.30.- Lambretta Eibar XII. Kontzentrazioko parte-hartzaileen akreditazioa eta motorren erakusketa Untzaga plazan.
11.30.- Parte-hartzaile guztien kalejira herriko kaleetan zehar.
12.30.- Lambretta motorren desfilea, San Kristobalera XII. Igoera eta pintxo-potea.
13.30.- Irteera Lambretta motorrekin (30 km).
14.30.- Parte-hartzaileen bazkaria.
16.00.- Parte-hartzaile aipagarrienei sariak banatzea.
17.30.- Bisita gidatua.
21.00.- Txikiteoa, Eibarko tabernetan.
00.00.- Mike Kennedy-ren kontzertua. San Kristobalen.

Domeka 12
11.00.- Ohe elastikoak eta tirolina, Fray Martin Malleako parkean.
12.00.- Hildakoen aldeko meza.
12.30.- Paella txapelketa, plazoletan.
13.00.- Luntxa, plazan agertzen diren guztientzat eta trikipoteoa.
17.30.- Freskagarri eta goxokiak umeei banatzea.
18.00.- Gorixoren zezentxo eta ponyak.
19.00.- Lehiaketa eta jolasetako irabazleei sariak banatzea.
19.30.- Festa, DJ Arabarekin.
20.30.- Errifaren zozketa.
21.30.- Jaien amaierako traka. San Kristobalen.