Gaztañerre Azoka egingo dute zapatuan Soraluzen
Sasoi honetako Azoka horrek bere 28. edizioa beteko du aurten. Etziko egitarauak goizeko 10:00etatik gaueko ordu txikiak arteko tarte guztia hartuko du. Horrela, Azoka txalapartarekin irekiko da eta barazkiak, artisauak eta abereak izango dira bertan presente, txistulari eta trikitilarien kalejira lagun dutela. 11:00etan pintxoak eta sagardo lehiaketa izango dira, sanandrestarren eskutik. 11:30ean Musika Eskolako Triki-Pandero Taldeak egingo duen kalejiraren ordua izango da. Eguerditik aurrera, 13:00etan ekitaldia izango da Azokan bertan: dantza-saioa, omenaldia eta sagardo-lehiaketaren sari-banaketari ekingo zaio, Egaña eta Lizaso bertsolariek lagunduta; ondoren, Galtzagorri txarangak jardungo du kalez kale. 15:00etan ohiko herri-babajana izango da karpan eta baserritarren bazkaria Txurrukan. Behin arratsaldean sartuta, Iago Magoak emanaldia eskainiko du karpan. Handik bi ordura, 19:00etan, erromeria izango da Obaneuke taldearekin, hori ere karpan. Eta 23:00etan azken erromeria hasiko da, kasu horretan Gaztetxean eta Fan&Go taldearekin.