Gazte-lokalak araudira egokitzeko diru-laguntzak Pegoran eska daitezke
Gazteen aisialdirako lokalak legeztatzeko diru-laguntzak emateko deialdia onartu du Udalak, aste honetan bertan egindako Hirigintza batzordean. Gazteen Lokalak arautzeko Udal Ordenantza orain dela hilabte batzuk hasi ziren lantzen. Udalak egindako proposamena ezagutzera eman eta gero, gazteek proposamen horretan aldaketak egiteko aukera izan zuten eta, horiek guztiak jaso eta aztertu ondoren, ordenantzarako behin-betiko testua berriki onartu du udalak. Martitzenean onartutako deialdiak herrian dauden gazte-lokalak legeztatzeko eta egokitzeko laguntzak ezartzen ditu eta orain Udalbatzarrak baieztatu beharko du.
Udaletik aurreratu digutenez, "diruz lagundu daitezkeen kontzeptuak lokala legeztatzeko beharrezkoa den ingurumen memoria egiteko gastuak dira. Lehenengo deialdi honetan, udalak 30.000 euroko kontu-saila jaso du aurtengo aurrekontuetan, egon daitezkeen laguntza-eskaerei erantzun ahal izateko".
Diru-laguntza gazteek zein lokalaren ugazabak eska dezakete. Gazteek eskatuz gero, honakoak justifikatu beharko dituzte: taldean gutxienez 12 lagun daudela, erdia baino gehiago Eibarren erroldatuta daudela eta kideak 16-30 urte bitartekoak direla.
Diru-laguntzen zenbatekoa legeztapen proiektuaren gastuen %100 ordaintzeko erabiliko da eta ez da 800 eurotik gorakoa izango. Eskaerak aurkezteko epea maiatzaren 30era artekoa izango da (Pegoran egin beharko dira, deialdiaren bete-beharretan zehaztutako agiriekin batera).