Gazteriak Durangoko Azoka bete du gaur, eta kulturaren eztanda sentitu da Landakon
Gaur Gazte Eztanda ekimenaren bigarren edizioa ospatu da, eta gazteriaren presentzia igarri egin da han eta hemen. Gainera, bazkaria, bingo musikatua eta kontzertuak egon dira antolatuta, Euskarabentura egitasmoarekin elkarlanean. Guneetako egitarauan ere gazteei begirako ekintza ugari izan dira. Adibidez, Izaroren bideoklip estreinaldia, edo Ahotseneako hainbat aurkezpen.
Eukalyptus obraren aurrestreinaldia ere jaso du Durangoko Azokak. Iazko Sormen Bekaren irabazleak, Jon Ander Urresti antzezleak, Szenatokian taularatu du lana. Proiektuak izaera kolektiboa hartu du, hainbat sortzaile batu baitira Urrestiren taldera. Harrera ona izan du aurkezpenak.
Asteburua aurretik
Lan erdiak eginda, Durangoko Azokak asteburua du aurretik oraindik, eta jendetsua izatea espero da. Egitarau zabala eta anitza egongo da aukeran. Esaterako, Berria egunkariak bere 20. urteurrenean argitaratu duen liburua -hedabideak Durangoko Azokan egindako ibilbidea kontatzen du- aurkeztuko du bihar 12:00etan. Besteren artean, Uxue Alberdi, Julen Apella eta Miren Agur Meabe ere egongo dira nobedadeak aurkezten Ahotsenean. Musikan, Amorante, Rukula eta Ibil Bediren disko aurkezpenak aipatu daitezke. Irudienean, Perlata taldearen filma, Habana Glass laburmetraia; Talaian Alex Txikonekin konexioa Annapurnatik liburuaren berri emateko; Saguganbaran haurrentzako hainbat aurkezpen; Szenatokian Patxo Telleriaren eta Txikiren bakarrizketa, baita Kimuak dantza taldea ere.
Egitarau osoa kontsultatzeko: Abenduaren 9ko egitaraua
ARGAZKIAK: Gerediaga Elkartea