'Genozidioa Stop! ¡Ruptura con Israel ya!' goiburuari jarraituta, burrunba egingo da gaur 19:00etan Untzagan
Gernika-Palestina herri ekimenak deituta, Palestinan egiten ari diren genozidioa geratu dezatela eskatzeko burrunbak egingo dira gaur arratsaldean Euskal Herri osoan zehar, eta deiarekin bat egin nahi duten eibartarrak Untzagan elkartuko dira, 19:00etan. Palestinan bizitzen ari diren egoera “benetan larria” dela salatu dute beste behin, eta herritar guztiak mobilizazioarekin bat egitera deitu dituzte, “sarraskiaren kontra daudela azaltzeko, eta gobernuei genozidioarekin amaitzea exijitzeko”.
Jarraian, Gernika Palestina herri ekimenak gertatzen ari denari buruz egiten duen irakurketa daukazue.
Nola gogortu liteke genozidio bat?
Nola gogortu herri baten suntsiketa sistematikoa? Basakeria, masakrea, tortura... nola gogortu?
Eta bai... Egunetik egunera terribleagoa da sarraskia... Zer da ba genozidioa etengabe gordintzen doan erabateko suntsiketa ez bada... Oihu lazgarriak isiltasun jasanezin azkenerako...
Eta hemen, Palestinatik urrun, hitzak ere isilik daude, hutsik...
Genozidio, sarraski, masakre, suntsiketa, tortura, basakeria... balioa galtzen dute gure etxeko sofan... kuxinen artean galtzen dira... esku artean dugun kafesnearen lurrunean...
Umeak dira sarraskituak...
Eta pentsatzen dut emakume haurdunengan, sabelari helduta, desesperazio hori...
Jaiotzear ziren umeengan, sutan zegoen likido amniotikoan belarriak esku ttikiekin tapatzen, begiak ixten, tormentuaren oihua itotzen...
Pentsatzen dut sekula jaioko ez diren umeengan, genozidioaren biktima ezikusiak...
Eta jaiotzea lortu duten jaioberrien sufrimenduan, zintzurra urratzen garrasi ozenez mundu mendebaldarraren belarrietara...
Pentsatzen dut ume ttikiengan: hezur-azal ezin biziraun...
Herritarrak dira sarraskituak...
Beren lurretik erauziak, desplazatzera behartuak... Azpiegitura oinarrizkoak suntsituta... Goseak hiltzen, egarriak itotzen... Elikagai bila joandakoan tirokatuak, bonbardatuak, gau eta egun bonbardatuak... Ezin iraunean dauden ospitaleak bezala...
Ospitaleak dira sarraskituak...
Nazioarteko legeek babestutako toki seguruak ospitaleak... Zaurituei eta umeen desnutrizioari ezin erantzun dauden ospitaleak...
Kazetariak dira sarraskituak...
Gaza, kazetarien munduko hilerri... Egoera ezin zailagoetan munduari genozidioa erakusten ari direnak, eta batez ere umeengan duen eragin krudela...
Umeak dira sarraskituak, Palestina da sarraskitua...
Nazioarteko inpunitatearekin...
Munduaren begien aurrean ari da Israel, begi-bistan dugu triskantza, baina ez du erantzun irmorik... Ezin da gehiago luzatu ankerkeria hau.
Gernikaren Euskal Herritik Palestinara doa gure oihua: Nahikoa da! Genozidioari ez!