Gerra Zibileko Eibarko Frontearen Interpretazio Zentroa ezagutzera emateko ekimen berriak

Gerra Zibileko Eibarko Frontearen Interpretazio Zentroa ezagutzera emateko ekimen berriak
2016/04/23 00:43
eta kitto!
Udalak hainbak proiektu berri abiarazi ditu iaz Arraten zabaldu zuten Gerra Zibileko Eibarko Frontearen Interpretazio Zentroa eta horren inguruko eskaintza ezagutarazteko asmoz. Horien berri emateko udaletxean egindako prentsaurrekoan azaldu dutenez, proiektu horien artean garrantztsuena Gerra Zibileko Eibarko Frontearen Interpretazio Zentroari eta horren inguruko ibilaldiei eskainita sortu duten gida edo aplikazioa da. Horren garapenaz arduratu den Alambre Estudio-ko Eneko Uriartek azaldu duenez, "mugikor zein tabletetan erabiltzeko aplikazioan audio-gida, bideoak, testuak, argazkiak, mapa eta bisitarientzako argibideak bildu ditugu, besteak beste".
Gerra Zibila Eibarko Sektorean zer izan zen sakontzeko aukera ematen duen aplikazioa App Store-n eta Google Play-en eskuratu daiteke, dohainik, eta behin deskargatuta internet konexiorik gabe ere erabil daiteke.
Aplikazioarekin batera, eta Interpretazio Zentroa ezagutarazteko asmoari jarraituta Unzaga Plaza hotelean zein Armagintzaren Museoan ikusgai ipiniko dituzten informaziorako roll-up berriak egin ditu Udalak: "Asmoa herrira bisitan datozen turistei ezagutaraztea da eta, horretarako, bertara nola ailegatu daitekeen, ordutegiak eta bestelako informazio praktikoa eskaintzen dute". Eta, horrez gain, informazio hori jasotzen duten esku-txartelak ere atera dituzte.

image