Gerra Zibileko gerra-frontearen ibilbide historikoa egingo dute otsailaren 22an
Eibarko Udalak Gerra Zibileko gerra-frontearen ibilbide historikoaren bisita gidatua antolatu du otsailerako. Mendi ibilbidea otsailaren 22an, domekan, izango da, 11:00etatik 14:00etara.
Bisita euskaraz egingo da, eta Arrateko Gerra Zibileko Interpretazio Zentroan hasiko da. Ibilbidean zehar, testuinguru historikoaren laguntzaz, Gerra Zibilean Eibar inguruan izan ziren frontearen kokagune esanguratsuak ezagutzeko aukera izango dute parte-hartzaileek.
Jarduera dela eta, Gerra Zibileko Interpretazio Zentroa ohiz kanpo irekiko dute egun horretan, 10:00etatik 11:00etara, bisita gidatua hasi aurretik bertaratu direnek zentroa ezagutzeko aukera izan dezaten.
Ibilbidean parte hartu nahi dutenek otsailaren 11tik 18ra eman ahal izango dute izena, Eibarko Udalaren webguneko formularioa betez. Informazio gehiago eta esteka zuzena gerrazibilaeibarren.eus webgunean dago eskuragarri.