Gerrako umeei aitorpen ekitaldia egin zaie
Gaur eguerdian (eguena, abenduaren 20a) udaletxeko pleno aretoan gerra sasoian atzerrira ebakuatutako umeei omenaldia egin diete. Ekitaldiaren hasieran musika-saioa eskaini dute Juan Bautista Gisasola Musika Eskolakoek eta, alkatearen ongietorriaren ondotik, umeen argazki albumaren proiekzioa eta Hárek Umiak dokumentala erakutsi dituzte. Udaletxetik irten baino lehen, patioan aurreskua eskaini die Kezka dantza taldeko Oier Araolazak. Behin ekitaldia amaituta, pareko plazara gerturatu dira asko, atzoz geroztik eta urtarrilaren 20ra bitartean kalean ikusgai ipini duten Eibarko gerrako umeen inguruko erakusketa ikustera. 17 argazki dira eta horiekin, modu sinbolikoan bada ere, historian ezagutu den umeen ebakuazio handiena izan zena ezagutarazi eta gogoratu nahi dute. Horretarako erakusketa kalera atera dute: Untzagako Jubilatu Etxearen fatxadak Errusiako Jarkok udalekuko umeak erakusten ditu, udaletxeko arkupeetan umeak hartu zituzten lau herrialdeak (Errusia, Frantzia, Erresuma Batua eta Belgika) ordezkatuta daude, Untzagako harmailetan herriko ume haien izenak irakurtzeko moduan aurkituko ditugu eta goiko aldean etxera bueltan 1964an rusoei egindako argazkia. Toribio Etxebarria kalean, berriz, parrokiako horman, Inglaterran umeentzat jarri zuten etxetzar haietako bat ipini dute ikusgai. Eta gainontzeko 10 argazkiak Kakalardo aldameneko burdinezko horma modukoan kokatu dituzte. Erakusketa gaur Udalak gerrako ume haiei omenaldia egiteko ekitaldia biribiltzera dator.