Gerrako umeei errekonozimendua egingo zaie
Datorren asteko eguenean, hilaren 20an "gerrako umeei" aitormena egiteko ekitaldi berezia antolatu du udalak, Ego Ibarra batzordearen eskutik, Badihardugu elkartearen eta Kezka dantza taldearen laguntzarekin. Udaletxean, 2. pisuko batzar aretoan 11.00etan ekingo diote gerra sasoian atzerrira, Espainiako Gerra Zibiletik babestearren ebakuatutako orduko umeei eskainitako errekonozimendua. Hasteko musika-saioa emango dute Juan Bautista Gisasola Musika Eskolakoek: Barcarola (Offenbach), Maitia nun zira eta Iluntzean piezak joko dituzte. Jarraian alkateak ongietorria egingo die eta, hori amaituta, Umeen argazki-albuma eta Hárek Umiak bideoa erakutsiko dizkiete ekitaldira gerturatutako guztiei. 12.00etan Untzagan, jubilatu etxearen parean aurreskua eskaini eta jarraian gaiaren inguruan antolatutako erakusketara bisita eginda agurtuko dute ekitaldia.