Gibiloarrate-Izarra: aurrehistoria aztarnak ikusteko txangoa

Gibiloarrate-Izarra: aurrehistoria aztarnak ikusteko txangoa
2023/11/09 11:29
eta kitto!
Aurreko domekan Eibarko Klub Deportiboko 20 laguneko taldeak ibilbide interesgarria egin zuen Gibixo mendilerroan, Iñigo Arizagak gidatuta: “Aurrehistoria aztarnak ikusi genituen Los Santos eta Sosterga Kobetan, otsozulo eta kobazuloetako bisita gidatuen antzera”. Eguraldia ere iragarritakoa baino hobea irten zitzaien.

Egun horretan bizi izandakoaren errelatoa egin digu bertan izan zen Antxon Narbaizak: “Gibijo edo Gibixo mendilerroan barrena egingo dugu gaur gure zeharkaldia. Zeharkaldi erraza, desnibel gutxikoa, naturaz gozatzeko egokia. Kuartangoko Zuazotik hurbil, Gilarte edo Gibiloarrate herrixka dago. Hasteko, 50 metroko desnibela igoz, Hirutasun Santuko baseliza bitxia bisitatuko dugu. Leku aski babestuan datza. Haitzulo baten gainean, bertatik abiatzen den errekasto bat dauka. Horregatik noizbehinka ujalek apurtu izan dute ermita. Beste 50 metro gainbehera egin eta Gibixoko ordekara iritsiko gara. Paraje izugarri ederra zapalduko dugu harrez gero. Historiaurreko aztarnak ez dira gutxi bertan. Aita Jose Migel Barandiaranek bere garaian aztertu zituen hainbat aztarna. Hasteko, Cotorricosko trikuharria. Ondoren, Arangatxa edo Labazar gaina igoko dugu (920 m.). Gure bidean zehar, tumuluak, kastroak eta otsozulo bat ere ikuskatuko ditugu. Artetzar izugarri bat ere begiztatuko dugu. Kobazuloak ere baditugu: Los Santos bata, zeina dolina txiki batek estaltzen duen. Pago batek erakusten digu sarrera: galeria bakar bat duen 120 inguruko ibilbidea. Formazio bitxiak zituen baina tamalez, euren etxean geratzea hobe izango zuten norbaitzuek hondatuak izan dira. Hurrengoan, Sostergako kobazuloa ikusiko dugu. Oso sarrera eta ibilaldi erraza barruan. Hori bai, bekokikoa edo beste edozein argi erabili behar da lasai ibiltzeko. Barruan aska bat antzemango dugu, sasoi batean etxeabereekin barneratzen baitziren artzainak Hurrengo tontorra, hau ere igoerraza Txobita izango dugu (879 m.). Altura xumeak beraz, kontuan izanik 500 metrotik hasi garela. Ganbaza edo alto de la Lobera (841 m.) izango da azken gailurra, bidezidor batean behera Abezia herrixka txukunera jaitsi eta bertatik Izarra herri dotorera iristeko. 18-19 kilometro baina bide atseginez eginak”.