Gil - Amillategi bikoteak Eskuz Binakako Gipuzkoako Txapelketaren finala jokatuko du
Domekan, azaroak 9, kadeteetako Eskuz Binakako Gipuzkoako Txapelketaren finala jokatuko dute Eibarko Klub Deportiboko Liher Gilek eta Aratz Amillategik. Eibarko bikoteak Hernanikoa izango du aurrean, 10:30ean, Oiartzungo Madalensoro pilotalekuan jokatuko den neurketan.
Deporreko pilotariek “txapelketa ikusgarria” egin dute, klubekoen berbetan, eta ginga jarri nahi diote orain arte egindako lan bikainari. Dena dela, partidu “gogorra” izango dela aurreratu dute.
Hiru partidu Astelenan
Aste honetan, errendimenduko alebinen eskuz banakako hiru partidu jokatuko dira Astelena frontoian, barixakuan. Jaialdia 18:00etan hasiko da eta, lehenengo neurketan, Ibai Acha eibartarra eta Orioko Ospele klubeko Brit arituko dira nor baino nor. Acha multzoko lehen postuan dago lehenengo fasea amaitzeko bi jardunaldi falta direnean.
Horren ondoren, Markel Segurola eibartarrak Bergarako Olano izango du aurrean. Segurola, une honetan, bere taldeko bigarren postuan dago kokatuta.
Hirugarren eta azken partidan, Eibarko klubeko Enaitz Arriolak, bere multzoko bigarren postuan dagoenak, Azpeitiko Elorzaren aurka jokatuko du.
Paleta goma etxetik kanpo
Paleta Goma modalitateari dagokionez, eibartarrek etxetik kanpo jokatuko dituzte Binakako Gipuzkoako Txapelketako lehen faseko azken jardunaldiko partidak: hirugarren mailan, Guisasolak eta Solagaistuak osatutako bikoteak ostiralean jokatuko du, Donostian, Altzako pilotalekuan; eta Lombrañak eta Osak Andoaingo Arrate pilotalekuan jokatuko dute; bigarren mailari eusteko, bestalde, Guinea eta Soria bikoteak, Mutrikuko Miruaitz pilotalekuan lehia erabakigarria jokatuko du hilaren 8an.